Bartzelona
Aurkezpena
Bartzelona historia luze eta oparoko hiria da; Mediterraneo itsasoaren ertzean dago, zeinetan nabigatu baitziren, garai batean, greziar heroiak, erromatar legioak… baita bikingoak ere!
Bartzelonara iristean, argitasunak harrituko zaitu gehien. Mediterraneoko hirietan ohikoa den argitasun horrek. Eta hiriaren ezaugarri harrigarria da, halaber, munduko toki guztietako jendea ikusten eta hizkuntzak entzuten direla.
Bartzelona Mediterraneoaren mendebaldeko kostaldean dago, Iberiar penintsularen ekialdeko ertzean. Kataluniako hiriburua da, eta Espainiako hiri nagusietako bat.
Europar Batasunaren parte da, eta espainiarren, frantsesen, ingelesen, alemanen nahiz italiarren jomuga kutunetako bat, turismorako nahiz negozioetarako. Tira, labur esanda, edonoren gustuak asetzeko moduko hiria da Bartzelona.
Historia apurtxo bat…
Bartzelonaren historia Neolitoan hasi zen; garai hartan, etxolez osatutako herrixketan bizi zen jendea.
K.a. I. mendearen amaieran, erromatar herrixka bat zen, eta Barcino zuen izena. Ba al zenekien?
Garai hartan, bada, mila biztanle besterik ez zituen, eta harresi babesgarri batek inguratuta zegoen; gaur egun oraindik ikusgai daude harresi haren arrastoak alde zaharrean.
Erdi Aroan, garrantzi handia izan zuen Bartzelonak; izan ere, mendebaldeko Mediterraneoko ekonomia eta politika gunea zen. Orduan hasi ziren eraikitzen Auzo Gotikoa, Barcino erromatar herrixka txikiaren gainean, hain zuzen. Eliza eta jauregi ugari altxatu zituzten auzo hartan, eta labirinto moduko bat bihurtu zen!
Esan bezala, hiri harresitua zen Bartzelona, baina, XIX. mendearen erdialdera, Industria Iraultzak bultzatuta, hiria harresietatik kanpora hedatzeko premia sortu zen, industria berriak eraiki ziren eta biztanleria ugaritzen hasi zen. Besteak beste, bide berriak eraiki ziren; horietako bat, Gracia pasealekua, oso-oso ezaguna; garai hartan, paseorako edo lagunekin elkartzeko gunea zen… Era berean, hura izan zen linea erregularreko lehen bidaiari garraiobidearen igarobidea ere, lehen autobusen igarobidea; tira, garai hartan, zalgurdiena. Dibertigarria izango zen, ezta?
1 mendearen hasieran, mugimendu modernista garatu zen Bartzelonan. Margolari, diseinatzaile nahiz arkitekto modernistek arrasto sakona utzi zuten hirian; Antonio Gaudí dugu horren adibide.
Harrezkero, garai nahasiak bizi izan zituen Bartzelonak, eta bonbardaketa askoren jomuga izan zen diktadura garaian.
Franco jeneralaren diktadura amaitu eta aro demokratikoa hasi zelarik, susperraldia izan zuen Bartzelonak. Eta mundu osoan ezaguna egin zen 1992an Olinpiar Jokoen egoitza izan zelako. Gaur egun, oso hiri modernoa da, kosmopolita eta mundu osoko turismoaren jomuga nagusietako bat.