Paris

Aurkezpena

Paris hiri zirraragarri eta oso bizia da, eta asko dauka bisitariari eskaintzeko. Duela 1.000 urte baino gehiagotik, Frantziako hiriburua da. Sena ibaiaren ertzean eraikita dago, eta, Europan biztanle gehien duten hirien artean bigarrena bada ere, ez da hain handia, eta, hortaz, oinez bisitatu ahal izango duzu, oinetako egokiak jantzita. Espainia ez bezala, Frantzia errepublika bat da, eta ez dauka monarkiarik.

Paris parkez eta lorategiz josita dago, korrika egin eta gustura jolastu ahal izateko. Hango monumentuek esperientzia bereziak eskainiko dizkizute, inoiz ez ahazteko modukoak.

Parisen, jolas parkeak, txotxongilo antzerkiak, zientzia dibertigarria, zirkua, zooa, zaldi ibilaldiak, itsasontziak eta beste jarduera ugari dituzu aukeran.

Glamour, delicatessen, baguette, croissant eta beste zenbait hitz ezagunak zaizkigu dagoeneko, baita Eguberrietan telebistan behin eta berriz ageri zaigun eau de toilette xuxurlaria ere, noski. Zer egingo lukete lurringintzak, luxuak eta modak Paris gabe?

Historia apurtxo bat…

Parisii tribua Sena ibaian zehar kokatu zen duela 2.300 urte inguru.

Gero, K.a. 55. urte inguruan, erromatarrek Lutezia hiria sortu zuten, ibaiaren hegoaldean, Île de la Cité uhartean.

Erromatarrek V. mendearen erdialdean alde egin zuten Paristik, eta hurrengo 1.400 urteetan hainbat erregek eta enperadorek gobernatu zuten hiria, 1789an errege-erreginen aurkako matxinada gertatu zen arte, hau da, Frantziako Iraultzara arte. Iraultzak ekarritako kaosaren ondotik, Napoleon Bonaparte armadako jeneralak hartu zuen agintea, eta herrialde moderno eta boteretsu bilakatu zuen Frantzia.

Frantziako Iraultza piztu eta monarkia ezeztatu ondoren, hainbat errepublika izan ziren, gizon-emakumeen askatasunaren eta berdintasunaren alde.

XIX. mendean, Eiffel dorrea eraiki, eta metroa inauguratu zuten; gainera, Belle Epoque delakoa sortu zen, art nouveaua, inpresionismoa eta beste mugimendu artistiko batzuk jaiotzearekin batera, eta, era berean, aurrerapen handiak izan ziren industrian eta zientzian.

Bi mundu gerren ostean, 1944an, Charles de Gaulle jenerala hautatu zuten V. errepublikako presidente, eta Frantziako sistema politiko osoa berrantolatu zuen. Haren ondotik, hainbat presidentek gobernatu dute Paris gaurdaino. Eta, gaur egun ere, mundu osoko hiri aurreratu eta garrantzitsuenetako bat da.

COOKIE-EN ERABILERA

Txikibidaiak.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago: Cookien politika

ACEPTAR
Aviso de cookies