Paris

Leku interesgarriak

Eiffel dorrea

1889ko Erakusketa Unibertsalean (XIX. mendearen bigarren erdialdean Europako hainbat hiritan egin zituzten nazioarteko erakusketak, aurrerapen teknologikoak partekatzea eta kulturak sustatzea helburutzat zutenak), Alexandre Gustave Eiffelek izen bereko dorrea diseinatu zuen: Eiffel dorrea. Hasieran, paristarrek ez zuten batere atsegin, eta “metalezko zainzuria” esan zioten. Izen barregarria, ezta? Denborak aurrera egin ahala, ordea, Parisko ikur bilakatu da. 2 urte baino gehiago behar izan zituzten dorrea eraikitzeko, eta 324 metroko luzera du. 700 bat eskailera maila daude bigarren solairuraino, eta handik, igogailu batzuk goraino iristen dira. Hiriaren ikuspegia bikaina da bertatik. Neguan, izotzezko pista ipintzen dute bigarren solairuan, eta 80 pertsonak ere patina dezakete han. Gauez dorrea argiztatuta egoten da beti. Ezin duzu Paristik alde egin Eiffel dorrea bisitatu eta haren ondoan argazki bat atera gabe!

Kokalekua: Champ de Mars, 5 Avenue Anatole

Notre Dame

Parisko katedral ezagunena da, eta bisita gehien jasotzen dituen gune turistikoa. Haren berezitasuna da hormak gargolaz beteta daudela. Gargolak animalia arraroen harrizko eskulturak dira, eta gaizkia uxatzeko ipintzen zituzten hormetan!

Barnealdean, 3 elefantek adinako pisua duen kanpaia erraldoi bat dago, Emmanuel izenekoa. Katedralaren kanpoaldean dago 0. KM, Parisen erdigune ofiziala, eta haren ikurra ate nagusiaren aurrean aurkituko duzu.

Ezagutzen duzu Notre Dameko konkorduna filma, Disney etxearena? Kuasimodoren istorio lazgarri eta era berean atsegina kontatzen du. Kuasimodo katedraleko kanpai-jolea zen, eta mundu guztia haren beldur zen, konkor handia eta itxura desatsegina zituelako, baina, egiaz, bihotz ikaragarri ona zuen, eta Esmeralda izeneko ijito batekin maiteminduta zegoen. Film hori Victor Hugok idatzitako eleberriaren bertsio bat da.

Kokalekua: 6 Parvis Notre-Dame – Pl. Jean-Paul II

Louvre museoa

Oh là là! Louvre pintura museo handiena da, eta munduko zaharrenetako bat. Museoa da barrutik eta kanpotik. 35.000 margolan baino gehiago ditu ikusgai, eta eskultura oso interesgarri eta zaharrak, jauregi gotorleku batean.

Bertan bizi da Leonardo da Vinciren Gioconda, Mona Lisa izenez ere ezaguna, agian historia osoko margolanik ospetsuena eta Parisko ikur nagusietako bat. 5. aretora joatea gomendatzen dizugu, batzuetan haurrentzako lantegiak eta jarduerak eskaintzen baitituzte.

Museoaren kanpoaldean kristalezko piramide handi-handi bat dago, 21 metrokoa, IM Pei txinatar jatorriko arkitekto amerikarrak diseinatua. Hori da sarrerako atea.

Museoa oso handia da, eta seguru asko goiz bat edo egun bat erabiliko duzu hura bisitatzeko; hortaz, lan batzuk bakarrik ikusi ahal izango dituzu, eta guk honako hauek gomendatzen dizkizugu:

Ekialdeko antzinako objektuak: Persia eta Sumeria: frisoak eta Hamurabi kodea.

  • Egipto: hildakoen liburua, momiak eta sarkofagoak.
  • Grezia: Miloko Venusa
  • Erroma: Hadriano enperadorearen brontzezko burua.
  • Arte etruskoa: senar-emazteen sarkofagoa.
  • Eta, noski, Gioconda.

Kokalekua: Palais Royal, Musée du Louvre

Magiaren museoa

Parisko museo bitxienetako bat da. Le Marais auzoan dago, eta magiari eta haren bitxikeriei buruzko museoa da. Sarreren leihatilan harri eta zur utziko zaituzte truko txikiren batekin, eta museo barruan era guztietako tramankuluak ikusiko dituzu, asmakizun ezin bitxiagoak, eta doako magia ikuskizunen batekin gozatu ahal izango duzu. Iristeko modurik bizkorrena Saint Pauleraino metroz joatea da.

Kokalekua: 11 Rue Saint-Paul

Le Cité des Enfants

Haurrentzat bereziki diseinatutako museo bat da, Cité des Sciences delakoaren barruan kokatua. Bi espazio handi ditu, adinaren arabera banatuak (2-7 urteko haurrentzat eta 5-12 urtekoentzat). “Haurren hirian” zientziaren mundua modu interaktiboan esperimentatu eta esploratzeko aukera izango duzu. Txikienentzako espazioan, esperimentu sentsorial oso dibertigarriak egiten dituzte, eta handienentzakoan, berriz, hainbat gai lantzen dituzte, giza gorputza eta komunikazioa, besteak beste.

Informazio gehiago: www.cite–sciences.fr
Kokalekua: 30 Avenue Corentin Cariou

Le Moulin Rouge

Kankaneko dantza areto bat da, 1889an irekia. Garai hartan, errota zahar bat zen, eta jendea ardoa edatera eta dantzatzera joaten zen hara. Gaur egun, errota besterik ez da geratzen, baina kankaneko ikuskizunak eskaintzen dituzte oraindik. Antzina, kankana dantza eskandalagarritzat zuten, zenbait emakumek ilaran jarrita dantzatzen baitzuten, hankak musikaren erritmoan altxatuz eta pololoak erakutsiz! Kar-kar-kar. Ezusteko galanta hartuko zuten orduko paristarrek gaur egungo minigonak ikusita! Le Moulin Rouge Montmatre auzoan dago, non artista ugari bizi izan diren eta bizi diren gaur egun ere. Toulouse-Lautrec, adibidez, 1800eko hamarkadaren amaierako margolari oso ezaguna, Montmatren bizi zen, eta Le Moulin Rouge aretoko kartelak margotzen zituen.

Kokalekua: 82 Boulevard de Clichy

Centre Pompidou

Arte modernoko zentro bat da, Parisen bihotzean kokatua. Eraikina oso bitxia da, kanpoaldean baititu kableak, hodiak eta tutuak. Gainera, oso koloretsua da, hodi bakoitzak kolore desberdina baitu.

Berdea= likidoak. Horia: elektrizitatea. Urdina= airea. Gorria= eskailerak.

Centre Pompidou zentroaren ondoan Stravinsky iturria dago, urak birarazten dituen 16 eskultura mekaniko dibertigarri dituena! Oso entretenigarria da!

Haurrak txundituta geratzen dira eraikina ikusi orduko. Barrutik oso handia eta argitsua da. 3 euroren truke, goiko terrazara igo daiteke Parisko eskailera mekaniko dibertigarrienetako batean gora, eta hiriburuaren ikuspegi onenetako batez goza daiteke goian. Gomendagarria da, oso, bertan izaten diren arte garaikideko erakusketatako bat bisitatzea.

Kokalekua: Place Georges-Pompidou

Katakonbak

Haur ausartenentzat!

Parisko zorupean 6 milioi pertsona baino gehiagoren hezurrez betetako tunel luzeak daude. Duela 200 urte baino gehiago ipini zituzten han, hilerrietatik lekualdatuta; izan ere, hilerriak gainezka zeuden, oso gaizki usaintzen zuten eta gaixotasunak barreiatzen zituzten. Hortaz, hezurrak lurpetik atera, eta hiriaren azpiko meategietara eraman zituzten.

Gaur egun katakonbak bisitatzeko aukera dago: 20 metro lurpera egin behar da, 130 eskailera maila jaitsita. Ausartuko zara? Hormak garezurrez, beso hezurrez eta hanka hezurrez beteta daude! Eta batzuk modu artistikoan ipinita daude, gurutzeak edo bihotzak irudikatuz. Infernurako bidaiaren antzekoa da! Uuuuuu……

Kokalekua: 1 Avenue du Colonel Henri Rol-Tanguy

Les Champs-Élysées

Munduko etorbide ospetsuenetako bat da, eta luxuzko dendez eta kafetegiz josita dago. Paristarrak bertan biltzen dira Urtezaharra, Tourraren amaiera edo Frantziako jai nazionala ospatzeko. Chams-Élysées izenak ‘antzinako Greziako heroien arimen atsedenerako tokia’ esan nahi du. Hara!

Sacré-Coeur basilika

Zalantzarik gabe, Parisko eraikin ikusgarrienetako bat da; muino baten gainean kokatuta dago, eta handik hiri osoa ikusten da. Deigarria da eraikinaren zuri kolore distiratsua. Kareharriari zor dio hori. Izan ere, euria egiten duenean, kareharriak, urarekin kontaktuan, kaltzita jariatzen du, lixiba moduko bat, eta basilika bere kabuz garbitzen da! Sacré-Coeur adierak ‘bihotz santua’ esan nahi du. Ahal izanez gero, hartu funikularra basilikara igotzeko! Oso dibertigarria da!

Kokalekua: 35 Rue du Chevalier de la Barre

Sena ibaia

Sena ibaiak Paris zeharkatzen du, eta zubiz lotutako 2 zatitan banatzen du hiria. Lehenengo zubia, eta zaharrena, Pont Notre Dame izenekoa izan zen, Île de la Cité uhartea, hau da, Notre Dame dagoen eremua, eta hiriko gune nagusia lotzen zituena.

Aspaldi-aspaldi, zubi horretan etxeak zeuden eraikita, baina, pisu handia hartu zuenez, erori egin zen, eta berreraiki egin behar izan zuten.

Garai hartan arrain ugari zegoen ibaian, baina orain, urak kutsatuta daudenez, ia ez dago arrainik, eta dauden apurrak ezin dira jan.

Ibaiaren ondoan zenbait espaloi zati daude, uretatik hurbil paseatu ahal izateko. Udan, Udalak hondarrez betetzen ditu espaloi zati horiek, eta hondartza artifizial txiki bilakatzen dira.

Kristalezko itsasontzi batean ibilaldia egitea Paris ibaitik ezagutzeko modu bikain eta dibertigarria da. Itsasontzi horiek Notre-Dame, Louvre, Musée d’Orsay eta beste monumentu batzuetatik igarotzen dira.

Batobus zerbitzua da ibaian barrena bidaiatzeko modurik merkeena, aukera ematen baitu egun osoan zehar itsasontzia nahi adina aldiz hartzeko eta batera eta bestera ibiltzeko.

Panteoia

Antzina eliza bat zen, eta gaur egun bertan daude lurperatuta pertsonaia ospetsu asko. Eraikina oso altua denez, pendulu handi bat zintzilikatuta dauka barnealdean, eta horixe da interesgarriena. Pendulua biraka ari da etengabe, eta harekin egindako esperimentu bati esker Jean-Bernard-Léon Foucault fisikari frantsesak Lurraren errotazioa frogatu zuen!

Kokalekua: Place du Panthéon

Montmartre

Parisko auzo bitxiena da. Izenaren jatorria Mons Martyrum (Martirioaren Mendia) da, han martirizatu baitzuten Saint Denis. Kondairak dioenez, burua moztu ziotenean, besapean hartu zuen burua, eta 5 km baino gehiago egin zituen horrela, Sacré Coeur basilikara iritsi arte! Ezinbestean ezagutu beharrekoa, Parisa joanez gero. Kale harriztatuz betetako auzo honek hiri bohemioaren ospea eman zion Parisi, margolari eta poeta ezagun ugariren bizitoki izan baitzen XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara arte.

Ibilaldia Le Marais auzoan eta auzo juduan (Le Pletzl)

Gurutzatu Notre Dametik Senaren eskuineko ertzera, eta Le Marais eta La Bastille auzoetara iritsiko zara. Bertan dago Le Pletzl, komunitate juduaren Parisko auzo nagusia.

Paseatzeko gune zoragarria da, janari dendez, harategiz eta bertako jatetxe tentagarriz betea (han dago, adibidez, As du Felafel ospetsua, Paris osoko falafel eta swarma gozoenak prestatzen omen dituen jatetxea). Erreparatu denda hebrearretako langile batzuen bizar eta kapelei. Beste garai batekoak dirudite!

L’Arc de Triomphe

Arku itxura duen ate handi bat da, Charles de Gaulle plazan kokatua. Munduko biribilgune handienaren erdian dago, 12 etorbide lotzen dituen biribilgune baten erdian! Arkua hain da handia, ezen hegazkin txiki bat ere igaro baitaiteke bertatik. Napoleonek eraikiarazi zuen, bere garaipenen eta Frantziako Iraultzan herrialdearen alde borroka egin zutenen omenez!

Kokalekua: Place Charles de Gaulle

Disneyland

Europan bisitari gehien hartzen dituen parke tematikoa da, egundoko parkea, magiaz eta fantasiaz betea. Han sartuz gero, ez duzu alde egin nahiko!

Parisen kanpoaldean dago. Disney etxeko pertsonaia gogokoenekin gozatu ahal izango duzu, eta primeran pasatuko duzu magia ikuskizunetan edo atrakzioetan.

Loti Ederraren gazteluaren ondoan egiten duten desfile handia amaiera bikaina izango da. Ahoa bete hortz utziko zaitu musika eta su ikuskizun berdingabe horrek!

Tarzanen ikuskizuna parkeko onena da. Ez ezazu gal!

Informazio gehiago: www.disneylandparis.es
Kokalekua: 77777 Marne-la-Vallée, Frantzia

Asterixen parkea

Parc Asterix parkean, errusiar mendiak, itsasontzi kulunkariak, itsaslasterretako bidaiak eta bobsleigh pistak Asterixen herrixka galiarra berregiten dute. Haien jakiak ere dasta ditzakezu: basurde hanburgesak! Nahi al dituzu?

Instalazioetan, izurdeen eta itsas lehoien ikuskizunak eskaintzen dituzte. Parke honetako egurrezko errusiar mendia Europa osoko handienetako bat da!

Informazio gehiago: www.parcasterix.fr
Kokalekua: 60128 Plailly, Frantzia

Playmobil Funpark

Playmobil jostailuen parke tematikoa da. Jostailu horien tamaina handiko kopiak daudenez, aukera izango duzue horietan sartzeko, hala nola piraten itsasontzi gutiziatuan. Guztira 11 jolas eremu ditu, eta hainbat ikuskizun eta jarduera ere eskaintzen dituzte bertan.

Kokalekua: 24 Allée des Jachères, 94260 Fresnes, Frantzia

Parisko parkeak

Bertako berdeguneen barruan jolas parke oso handi bat dago. Txotxongiloentzako antzoki bat (Théâtre de Luxembourg), zaldiko-maldiko bat, poni gaineko ibilaldiak egiteko aukera eta jostailuzko belaontzientzako urmaela ere badaude.

Lorategi hauetan ere badira belaontziak, zaldiko-maldikoa eta jolas parkea. Horrez gainera, harrituta geratuko zara, Louvre museoaren ondoan ere poni gainean ibilaldiak eskaintzen baitituzte haurrentzat. Udan, atrakzio mekanikoak eta noria bat ipintzen dituzte. Parke hau jatorri itzaltsuko tokia da, bertan paseatzen baitziren errege-erreginak eta noblezia.

Parke honetako elementu nagusia La Ménagerie zooa da, mila animaliaren baino gehiagoren etxea. Parke ederra, igandea bertan igarotzeko edo piknik bat egiteko, eguraldi ona izanez gero. Zooaren xarma nagusietako bat animaliak nahiko hurbiletik ikusteko aukera da. Parisko zoo handi honetan, nabarmentzekoa da lehoien etxea: felido handiak bizi dira bertan, horien artean Txinako panterak. Era berean, tximinoentzako esparru bat dago, hartzentzako zulo bat, hegazti urtarren bilduma handi bat eta narrastiei buruzko gune handi bat.

Hirian benetako oasia da Des Buttes-Chaumont parkea, ur-jauziak, esploratzeko haitzulo bat, zubi eseki bat eta ahatez bestetako urmaelak baititu, baita bi antzoki ere, Le Guignol de Paris eta Théâtre Guignol Anatole. Maitagarrien ipuinetako parkea dirudi.

Parke hau erraz aurkituko duzu, Eiffel dorrearen oinetan baitago. Dorrera igo ostean atseden hartu ahal izango duzu han, zabu guneak baititu, baita bazkari zein askarirako mokadu bat erosteko postu ugari ere.

Espazio zabal eta modernoa da, eta museoak nahiz auditorioak daude bertan, baita kanalak ere, non itsasontziak dabiltzan hara eta hona. Zenbait lorategi eta jolas modulu ditu, eta feria txiki bat. Parke honetan dago Musée des Sciences et de l’Indutrie museoa, eta horren barruan Cité des Enfants (Haurren Hiria) delakoa, bi eremutan banatua, 2 eta 7 urte bitarteko haurrentzakoa bata, eta 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzakoa bestea.

COOKIE-EN ERABILERA

Txikibidaiak.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago: Cookien politika

ACEPTAR
Aviso de cookies