Paris

Gastronomia

Aukera izanez gero, jan itzazu Parisko jaki tipikoak, etxean ez duzu-eta horretarako aukerarik izango! Parisko sukaldaritzan nabartzen diren produktu eta jaki nagusietako batzuk ardoak, gaztak eta ogiak dira, eta horiexek osatzen dute hiriko aperitibo ohikoena.

Parisko okindegiak oso-oso onak dira, eta opil zein ogi gozo-gozoz beteta daude. Gozozalea bazara, izugarri gustatuko zaizkizu! Baina kontuz ibili, gozoak noizean behin bakarrik jan behar dira eta! Croissanta da opiletan ezagunena. Paristarrek gosaritarako jaten dituzte. Ez alde egin Paristik horrelako bat jan gabe! Baguettea ogi barra luze eta estua da, eta Frantziaren ikurretako bat. Antzina, 2 metrokoak ziren! Imajinatzen duzu horrelako ogitarteko bat askaritarako? Brioche eta petits fours izeneko ogi opil gozoak ere tipikoak dira; azken horiek, pastel txikiak dira, merenge modukoak.

Beste jaki tipiko batzuk:

Barraskiloak (Escargots)

Ba al zenekien Frantzian barraskiloak jaten dituztela? Hau nazka! Frantsesak dira munduko barraskilo kontsumitzaile nagusiak! Erregosita, gurinarekin edo baratxuri eta perrexilarekin jaten dituzte. Igel hankak ere jaten dituzte!

Krepeak

Opil txikien bertsio frantsesa dira. Gozoak izan daitezke, baita gaziak ere, haragiz eta barazkiz beteta. Oso onak dira!

Txokolatezko moussea

Moussea Frantziako postre tipiko bat da. Goxoena txokolatezkoa da, eta arrautza zuringo irabiatuak txokolate urtuarekin nahasita egiten dira. Ziur jatetxe askotako postreen zerrendan ikusiko duzula.

Oin usaina duten gaztak

Frantzian 500 gazta mota baino gehiago dago. Ospe handia dute, eta, oso usain fuertea badute ere, batzuetan nazkagarria, haur frantses askori izugarri gustatzen zaizkie, eta postre gisa jaten dituzte. Parisko gazta ezagunena camembert gazta da, baina roquefort gazta, ahuntz gazta, brie gazta eta acre munster gazta ere dasta daitezke.

Ratatouille

Seguru asko, ikusiko zenuten chef bilakatzen den Ratatouille arratoi sukaldariaren film dibertigarria. Arratoi horrek ratatouille izeneko jaki ezagunari zor dio izena; oliba oliotan frijitutako eta proventzar belarrekin ondutako barazkien nahasketa bat da.

Croque Monsieur

Sandwichak atsegin badituzu, gustatuko zaizu Croque Monsieur izenekoa, Parisko ezagunena, moldeko ogia, urdaiazpikoa, bexamela eta gainetik gratinatutako gruyere gazta daramatzana. Croque Madame sandwicha aurrekoaren berdina da, baina platereko arrautza bat darama gainean.

Fonduea

Beste jaki tipiko eta bitxi bat fondue izenekoa da: gaztarena, txokolatearena edo haragiena izan daiteke. Kazola berezi batean olioa ipintzen da, eta, irakiten hastean, mahaikide bakoitzak sardexka luze berezi bat sartzen du bertan. Gaztarena ogi zati txikiez lagunduta jaten da. Txokolatearenean, frutak sartzen dira. Eta haragienak hainbat saltsaz lagunduta jaten dira. Oso dibertigarria da! Baina, kontuz, erre gabe!

COOKIE-EN ERABILERA

Txikibidaiak.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago: Cookien politika

ACEPTAR
Aviso de cookies