Londres

Aurkezpena

Londres hiri liluragarria eta bizi-bizia da, eta asko du bisitariari eskaintzeko. Lurpeko toki izugarriak, eta eraikin harrigarriak. Museoak eta altxorrak. Pertsonaia ospetsuak, xelebreak, askotarikoak: erreginak, printzeak, printzesa punkak, detektibeak nahiz grafitigileak. Eta baita jaki ezin arraroagoak ere. Bisita ezazu Londres! Ikaragarri gustatuko zaizu!


K.a. 55. urtean, erromatarrek Britania konkistatu zuten (gaur egun Ingalaterra dena), eta portu bat fundatu zuten han, Julio Zesarrek Londinium izendatua. 200. urte inguruan, Londinium erromatar inperioko hiri aberats eta oparoenetako bat zen.

Londres orain 800 urte baino gehiagotik da Ingalaterrako hiriburua, lehenik, eta Erresuma Batukoa, ondoren, eta herrialde horren hegoaldean dago. Tamesis ibaiaren ertzean kokatuta dago, eta Europako hirik handiena da.

Londresko biztanleen % 21,8 Europar Batasunetik kanpo jaioak dira; 40 kultura desberdinetako jendea bizi da hirian elkarrekin, eta 300 hizkuntza erabiltzen dira!

Londresen, bisitatzeko toki asko eta asko daude: Big Ben, Buckingham Palace, Londresko Dorrea, British Museum, San Pablo katedrala, Soho…. Gainera, parkez estalita dago hiriaren parte handi bat; parke garrantzitsuenak, errege parke deritzenak, errege-erreginen ehiza barrutiak izan ziren antzina!

Bidaia egin aurretik jakin beharreko zenbait datu garrantzitsu!

Londresko klima oso hezea da, eta ia beti egiten du euria. Batzuetan, hain laino trinkoa izaten da hirian, nekez ikusten baita aldamenean nor duzun ere!

Erresuma Batua ez dagoenez Europako diru batasunean, ez dute euroa erabiltzen. Beren dirua dute, libra; hortaz, gogoan izan hara joan aurretik euroak libratara aldatu beharko dituzula.

Entxufeak ere bestelakoak dira! Guk erabiltzen ditugunez bestelako forma bat dute, eta 3 hankatxo, 2 izan ordez. Hortaz, egokigailua ere beharko duzu bidaiarako.

South Londonetik Greenwicheko meridianoa edo zero meridianoa igarotzen da; hain zuzen ere, garai batean behatoki astronomikoa egon zen Londresko auzoaren izena du meridiano horrek. Horregatik, Euskadin baino ordubete gutxiago da Londresen, Kanarietan bezala. Beraz, gogoan hartu erlojuan ordua aldatu beharko duzula.

Autoek beste aldean dute bolantea, eta alderantziz gidatzen da. Hortaz, argi ibili bideak zeharkatzean: alde guztietara begiratu beharko duzu! 

Londresen eta Erresuma Batu guztian, neurriak ere desberdinak dira. Hazbeteak erabiltzen dituzte zentimetroen ordez, eta miliak, kilometroen ordez. Era berean, ez dira likidoak litrotan neurtzen, galoitan edo pintetan baizik… A zer nahasmena, ezta?

Ez dago zalantzarik: London is different!

COOKIE-EN ERABILERA

Txikibidaiak.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago: Cookien politika

ACEPTAR
Aviso de cookies