Londres

Gastronomia

Ahal izanez gero, saiatu Londresko jaki tipikoak dastatzen; etxera itzulitakoan ez duzu izango halako aukerarik!

Aingirak gelatinatan dira Londresko plater tipikoetako bat. Cockney deritzenek asmatu zuten. Jaki merkea zen, Tamesis ibaian harrapatzen zutelako. Aingirek, irakitean, gelatina ugari botatzen dute. Aingirak egosi ondoren, hozten utzi, eta beren gelatinatan jaten dituzte. Uki gelatinatsua gogokoa baduzu, izugarri gustatuko zaizkizu!

Londresko otordu berezia da, halaber, English Breakfast deritzona. Gosari trinkoa, eguna energiaz gainezka hasteko. Babarrunak, arrautzak, hirugiharra, ogi txigortua eta tea! On egin!

Fish n’ chips da beste plater klasikoetako bat. Gerra garaian, jakiak oso garestiak edo urriak zirenean, patata frijituak eta arrain arrautza-irineztatua jan ohi zuten londrestarrek, besterik ezean.

Plater tipiko eta tradizionalen artean, aipatzekoak dira “roast beef” (haragi errea) eta “pie and mash” (haragi pastela, patata purearekin). Pie and mash pastela XVIII. mendeaz geroztik da ezaguna Londresen, eta gaur egun oraindik ere eskaintzen dute hiriaren hegoaldean eta ekialdean. Txahalki birrinduz egindako opil moduko bat, patata pureaz lagunduta jaten dena.

Londresko janaria ez bada ere gurea bezain goxoa, beste toki batzuetako jakiak prestatzen dituzten jatetxez beterik dago hiria, atzerriko jende asko joan delako Londresera bizitzera eta hara eraman dituztelako beren herrietako sukaldaritzako gutiziak; hala, Londresen ohitura handia dago, gaur egun, kebab jateko edo currya hartzeko, esaterako!

COOKIE-EN ERABILERA

Txikibidaiak.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago: Cookien politika

ACEPTAR
Aviso de cookies