Londres

Leku interesgarriak

British Museum

Presta zaitez britainiar museoan barrena denboran zehar bidaia egiteko. 1753an fundatu zuten British Museum Sir Hans Sloane mediku eta naturalistak testamentu bidez dohaintzan utzitako 80.000 piezako bilduma abiapuntu harturik. Erresuma Batuko museorik handiena da, eta munduko antzinakoena!

Historiaurreko piezak biltzen ditu, baita antzinako zibilizazioenak ere. Egipto, Grezia, eta Erroma, eta beste kontinente batzuetakoak, Asiakoak eta Afrikakoak, esaterako.

Museoa etengabe handituz joan da, dohaintzan jasotako piezei, museoak bere kabuz eskuratutakoei eta antzinako kolonietatik nahiz gerren bidez eskuratutakoei esker. Horrela osatu da Egiptoko bilduma, esate baterako. Museo honetan, Egipton beste inon baino momia gehiago daude! Antzinako Egipton, jendea hiltzen zenean, gorpuak baltsamatu eta lihozko oihal batez estaltzen zituzten, ez usteltzeko. Hau nazka!

Museoan ikusgai dauden objektuen artean garrantzi handia du, halaber, Rosetta harriak. Nilo ibaian Napoleon menderatu izanari esker bereganatu zuten britainiarrek. Gustukoak al dituzu sekretuak? Bada, hainbat sekretu gordetzen zituen harri horrek! Eta 1821ean hura deszifratu izanak antzinateko testu asko eta asko itzultzeko bidea eman zuen.

Kokalekua: Great Russell St.

Zooan eguna igaro nahi?

Orduan, zoaz Regent parkera. 750 animalia motatik gora aurkituko dituzu han: panda gorriak, lemurrak, elefanteak, hipopotamoak, krokodiloak eta imajina ditzakezun zomorro guztiak! “Meet the monkeys” aretoan, gainera, aukera izango duzu tximuen kaiolan sartzeko. Baina kontuz ibili eguzkitako betaurrekoak jantzita badituzu: tximuei betaurrekoak lapurtzea gustatzen zaie eta! 

Esaten dutenez, zooko Winnie hartz beltzak inspiratu zuen A. A. MIlne idazlea Winnie the Poohren istorioak idazteko. Dirudienez, egun batean idazlea eta haren semea zoora joan ziren hartza ikustera, eta hortik sortu ziren idazlearen ipuin zoragarriak.

Kokalekua: Londres NW1 4RY

Tamesis ibaia

Tamesis da Londres zeharkatzen duen ibaia, eta ibai horren zordun da hiria, neurri batean: Ingalaterra inperio handi baten jabe zen garaian, planetako portu ahaltsuena izan zen Londres. Gaur egun, salgaien itsasontzi handiren bat sartzen da tarteka hirira. Baina aisiako itsasontziak ibiltzen dira, batez ere.

Orain ehunka urte, neguak askoz ere hotzagoak zirenean, Tamesis ibaiko ura izoztu egiten zen, eta jendeak izotz gainean jolasean ibiltzeko ohitura zuen.

London Eye

London Eye noria erraldoi bat da, zeinetatik ikus baitaiteke hiri osoa. 135 m-ko gehieneko altuera du! Eguraldi oskarbia dagoenean, Windsorreko gaztelua bera ere ikusten da! Eta 40 km-ra dago!

7 urte behar izan zituzten noria eraikitzeko, eta astebete altxatzeko.

Noria biraka ibiltzen da, bizikleta gurpilak bezalaxe, eta ordu erdia behar du bira osa egiteko! Hain mantso dabil, noria martxan den bitartean igo eta jaitsi baitaiteke jendea!

Informazioa: www.londoneye.com
Kokalekua: Lambeth

Big Ben (Westminster jauregia)

Big Ben Londresko erlojuen erregea da. 150 urtetik gora daramatza hirian orduak ematen. Westiester jauregiko dorreko erlojuaren kanpai nagusia da, zehazki Big Ben. Erlojuak 4 alde ditu, eta 4 metrotik gorako luzera du minutuak adierazten dituen orratzak! Astean hiru aldiz eman behar diote giltza, behar bezala funtziona dezan. Ospetsua da orduak erabateko zehaztasunez ematen dituelako. Hortik dator “puntualtasun ingelesa” esapidea.

Bitxikeria gisa, 101 dalmata marrazki bizidunen filmaren bigarren partea Londresko kaleetan kokatuta dago; film horretan berehala bereiziko duzu Big Benen dorrea! 

Kokalekua: Westminster

Zientzia naturalen museoa

Natura gustukoa baduzue, bisita ezazue zientzia naturalen museoa; ikusgarria da, benetan. Eraikina zoragarria da, eta atari nagusian diplodocus baten eskeleto erraldoi bat dago! Jendeak ezer gutxi zekien dinosauroei buruz, harik eta 1853an, Benjamin Waterhouse Hawkins (eskultorea) eta Richar Owen (zoologo) ingelesek izaki haien neurri errealeko irudiak landu eta Cristal Palaceko lorategietan erakusketa batean erakutsi zituzten arte. Owenek asmatu zuen, hain zuzen ere, dinosauro hitza! Ez da hori, ordea, museoaren gauza erakargarri bakarra: hainbat objektu ukitzeko eta esperimentu asko egiteko aukera dago bertan!

Kokalekua: Cromwell Rd, Kensington

Trafalgar Square

Londresko plazarik ospetsuena da, eta hiriaren bihotza. Britainiar armadak Nelson almirantearen gidaritzapean Trafalgarreko guduan lortutako garaipena ospatzeko eraiki zuten. Hain zuzen ere, Nelsonen eskultura bat dago plazan; Trafalgarreko guduan bertan hil zen almirantea, eta esaten dutenez, brandytan sartu zuten haren gorpua, kontserba zedin! 56 m garaia den zutabe baten gainean dago estatua! Brontzezko 4 lehoi eme erraldoi ere badira, estatua zaintzen dutenak, eta milaka uso! Ez jaten eman usoei, inola ere! 500 librarainoko isunak ezartzen dituzte!

Kokalekua: Trafalgar Square

Argizarizko irudien museoa

Ezin duzu Londrestik alde egin Madame Tussauren argizarizko irudien museoa bisitatu gabe. Pertsonaia ospetsu ugari ikusiko dituzu bertan; pertsonaien irudiak dira, bai, baina benetakoak dirudite! Madame Tussauk Frantziako Iraultzan hildako pertsonen argizarizko hileta maskarak egiten zituen hasieran. 1803an, Londresera joan, eta 30 eredu jarri zituen erakusgai. Eta sekulako arrakasta izan zuen, jendeak aukera baitzuen jende ospetsu bertatik bertara ikusteko, ez argazkirik ez telebistarik ez zuten garai batean! Irudiei benetako giza ilea jartzen diete, eta 1996an ohartu ziren Adolf Hitlerren irudiari ilea hazten zitzaiola! Sinestezina, benetan!

Kokalekua: Marylebone Rd, Marylebone

St. Pauls Cathedral

San Pablo katedrala 1676 eta 1710 bitartean eraiki zuten, sute batean hondatutako Erdi Aroko katedral zaharraren hondakinen gainean. Eraikin izugarri handia da, estilo barrokokoa, eta hiriko gainerako eraikinen artean nabarmen ageri da, 110 m-ko garaiera baitu kupulak! Han egiten dituzte erlijio ospakizun handientsuak; hala nola, erregetzako kideen ezteiak edo heroi nazionalen hiletak. Nahi izanez gero, kupulara igo, eta hiriaren ikusmira zoragarri batez goza dezakezue; baina hartu arnasa ongi, eskailera pila bat igo beharko dituzue eta! Katedralaren barruan xuxurlen galeria deritzon gune bat dago; areto horretan egiaztatu ahal izango duzu nola litekeen xuxurla soil bat 32 m-ko distantziara entzutea. Harrigarria, ezta? Kripta ere bisita daiteke, eta han ehortzitako pertsonaia ospetsuen hilobiak ikusi.

Kokalekua: St. Paul’s Churchyard

Buckingham palace

Buckingham jauregia Ingalaterrako erreginaren bizitokia da. Ikaragarri handia da! 700 aretotik gora ditu! Areto nagusietako bat White Drawing Room da, oso ospetsua, sabaia apaindua duelako eta objektu ugariz hornituta dagoelako. Jauregia errege guardiak babesten du egunean 24 orduz urteko 365 egunetan. Guardiako soldaduek ezin dutenez hainbeste denboran zutik egon, 5 soldadu talde arduratzen dira zaintza eginkizun horretaz, eta maiz egiten dute talde horietako soldaduek “guardia aldaketa”. Merezi du aldaketa ikustea, ikuskizun ederra da. Egunero, goizeko 11:30ean, erreginaren infanteriako guardiako destakamentu bat Sain Jamestik abiatzen da, musika banda lagun duela, eta desfilea egiten du jauregiraino, guardia aldatzeko zain dauden soldaduenganaino. Bereziki ezagunak dira soldaduen burukoak, kanadar hartzen larruz eginak. Oso dibertigarria eta polita da aldaketa ikustea!

Kokalekua: Londres SW1A 1AA

The Square Mile

Londresko auzorik antzinakoena da, erromatarren garaiko hiriaren sorlekua. Milia koadro bateko hedadura du, eta, gaur egun, negozio eremua da. Auzo horretan, antzinako eraikinekin bat egiten dute eraikin oso moderno zenbaitek; horien artean, aipatzekoa da Gherkin etxeorratz bitxia, luzoker itxurakoa, gauez argi joko xelebreez argitua.

The tower of London

Londoresko Dorrea errege-erreginen egoitza izateko xedez eraiki zuten, 1066an, baina errege espetxe eta tortura ganbera bihurtu zen. Oro har, lepoa moztu ohi zieten errudunei, eta makila batean sartuta uzten zuten burua, baina beste kasu batzuetan jendea urkatu, bizirik ere edo olio irakinetan sartzen zuten. Ikaragarria!

Londresko Dorrea eremu gotortu bat da, eta zenbait dorre ditu barruan.

Garai batean, zooa izan zen, eta oraindi 7 bele bizi dira bertan. Elezaharrak dioenez, bele horiek alde eginez gero, hondoa joko du Ingalaterrak!

Gaur egun, koroaren bitxi ospetsuen gordelekua da; bitxi horien artean dago munduko diamanterik handiena: Afrikako Izarra. 40 beefeater arduratzen dira dorrearen zaintzaz. Beefeater izenaren jatorria hau da: garai batean, haragitan ordaintzen zieten zaintzaileei, dirutan ordaindu ordez (beef= behi haragia, eaters= jatunak). 500 urtetik gorako antzinatasuna duen uniforme bat janzten dute, eta atari nagusia ixteko erritu egiten dute gauero, giltzen zeremonia deritzona. 

Kokalekua: St Katharine’s & Wapping

The Tower Bridge

Europako zubirik ospetsuena da. Estilo gotikoan eraikita dago, eta ingeniaritzako maisulan bikaina da. 2 dorre handi ditu, 2 zubi altxagarrirekin; 1100 tonako pisua dute zubi horiek, baina 90 segundoan altxatzen dira!

Kokalekua: Tower Bridge Rd,

Shakespeare´s Globe

Garai batean The Globe antzokia izana, eta gaur egun berreraikia; hura izan zen Londresko lehen antzokietakoa (1599an eraiki zuten), eta han estreinatu zituen William Shakespeare olerkari eta antzerkigile ospetsuak bere lan handienetakoak, hala nola Hamlet, Otelo eta Macbeth.

Kokalekua: 21 New Globe Walk

Kalez kale…

Londresen, ezin konta ahal toki bikain daude paseorako, erosketak egiteko, dibertitzeko nahiz atseden hartzeko. Soho, esaterako, auzo modernoa eta kultura askoren bilgunea da; txinatar komunitatea nabarmentzen da han, dena den, “Chinatown” gunean bildua. Txinatarren Urte Berria ospatzen dute han urtarrila eta otsaila artean; jai ikusgarriak dira, eta 50.000 lagun baino gehiago biltzen dituzte. Aipatzekoak dira, halaber, honako eremu hauek: Picadilli Street, eraikin erraldoiak dituena; Hyde Park, atseden hartzeko parte izugarri handia, aintzira batek 2 zatitan banatua; Covent Garden, paseatzeko auzo atsegina, denda, azoka, terraza eta kale ikuskizunez betea. Eta, jakina, Candem: rock alternatiboaren eta orotariko musikaren gunea, Londresko auzo eroena. Han dago “Candem Lock Market” azoka alternatiboa, non duzun aukera gandorra jartzeko, piercinga egiteko edo Beatles taldeko kideak berak bezalaxe janzteko. Portobello Road ere toki xarmagarria da; Ingalaterrako zaharkinen azoka handienetakoa egiten da bertan, eta han dago, halaber, Notting Hill auzo koloretsua, non antolatzen baitute munduko inauteri handiena, Rio de Janeirokoaren ondotik, noski.

COOKIE-EN ERABILERA

Txikibidaiak.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago: Cookien politika

ACEPTAR
Aviso de cookies