Donostia
Aurkezpena
Donostiak badu zerbait bitxia, ahalmen handiko iman batek bezala erakartzen zaituena.
Espainiako iparraldean kokatuta dago Donostia, Bizkaiko golkoko kostaldean, Frantziako mugatik 20 kilometrora. Gipuzkoako probintziako hiriburua da, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren barruan dago.
San Sebastian du izen ofiziala gaztelaniaz, eta Donostia, euskaraz, baina Donosti eta Sanse esaten zaio lagunartean. Lau izen hiri bakarrarentzat? Asko iruditzen al zaizkizu? Bada, begira, badu beste izen bat, bosgarrena: “Easo ederra”. Ustez, Donostia modernoaren kokaleku berean egon zen Easo izeneko antzinako erromatar hiria, eta hortik datorkio bosgarren izena.
Gaur egun, hiri tradizionala eta kosmopolita da, aldi berean; Kontxako badia mundu osoan da ezaguna, eta Donostiaren ikur bihurtu da. Konparazio tipikoa da esaldi hau, esaterako: “Kontxako baranda baino donostiarragoa zara”.
2016an, Europako Kultura Hiriburua izan zen Donostia; eta, horrez gainera, nazioarteko hainbat jaialdi egiten dira hirian urtero: Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Jazzaldia, Musika Hamabostaldia edo Beldurrezko Zinemaren Astea, zeinak betetzen baititu kaleak kolorez, dibertsioz eta fantasiaz, udazken bete-betean. Izugarria!
Laburbilduz, Donostia hiri txikia da, paseatzeko aparta, garraiobide publikoen bidez ongi komunikatua, eta bizikletentzako bidegorriz josia; hondartzak ditu, piknikzaleentzako parkeak, gune berde asko eta itsasoko ikusmira zoragarriak. Ahal baduzu, hartu tartetxo bat udako arratsaz gozatzeko; esaten dutenez, eguzkia itsaso aldean ezkutatzeko unean argi izpi berde bat ikusten da ostertzean!
Historia apurtxo bat…
Donostiaren historia 1014an hasi zen. Garai hartan, Antiguako San Sebastian monasterioa zegoen gaur egun hiria dagoen tokian, eta hartatik datorkio izena. Handik urte batzuetara, 1180an, Nafarroako Antso Jakituna erregeak forua eman zion Urgull mendiaren oinetan Urumea ibaiaren ibaiadarraren eta Kontxako badiaren arteko eremuan kokatutako herri txiki bati.
Handik hogei urtera, Gaztelako Koroan sartu zuten, 1200. urtean. Lurreko bideetatik urrun zegoela eta, arrantza bihurtu zen hiriko biztanleen jarduera nagusia. Garrantzi handiko diru iturria izan zen, halaber, Kantauriko kostaldetik igarotzen den Donejakue Bideko erromesen atsedengunea izatea.
Hainbat mendez, suteen eta setioen ondoriozko hondamen latzak jasan zituen Donostiak, frantsesen, britainiarren eta holandarren erasoetan. Suterik ezagunena 1813ko abuztukoa izan zen, portugaldar eta ingeles gudarosteek eragina: kale bakarrak eutsi zion sute hari, eta, gertaera haren oroigarri, Abuztuaren 31 du izena, gaur egun.
XIX. mendearen erdialdera, hiri kosmopolita gisa garatzen hasi zen. Antonio Cortázarren Zabalgunearen planak (1864) buru eman zion hirigintza eredu berriari; haren bidez, hegoalderantz hedatu zen hiria, non sortu baitziren Parisko edo Vienako tankerako eremu modernistak.
1885ean, Maria Kristina erreginordea udak Donostian igarotzen hasi zen, eta modan jarri zen hiria Europako aristokraten artean: erruz hasi ziren aberatsak etortzen, itsas bainuak hartzera eta kasino bikainean jokoan aritzera (1887an eraiki zuten kasinoa). Loraldi ekonomiko hari lotuta, eraikuntza jarduera bizia hasi zen: zabalguneak eraiki ziren Urumearen eskuin ertzean, Antiguan eta Pasealeku Berrian, baita auzo berri bat ere, Amarako paduretan. Ibai ibilgua bideratu zen, eta Maria Kristina eta Kursaal zubiak eraiki zituzten haren gainean. Horrez gainera, eraikin eta azpiegitura adierazgarri batzuk egin zituzten, hala nola, Maria Cristina hotela, Victoria Eugenia antzokia, Justizia Jauregia, Perla bainuetxea eta Igeldoko atrakzio parkea, besteak beste.