Donostia

Leku interesgarriak

Bihotz Sakratua

Urgull mendiaren gailurrean, Bihotz Sakratuaren eskultura dago. 13 metrotik gorako altuera du, eta beste 10 metro ditu oinarriak. Federico Coullaut eskultoreak egin zuen Bihotz Sakratua, 1950ean, eta itsasotik lau miliako distantziatik ikusten da: urrun-urrunetik!

Tabakalera

90 urtez tabako fabrika izan zen, harik eta kulturune bihurtuta 2015ean berriro ateak zabaldu zituen arte, Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroa izenez. Tabakaleran, arte erakusketak edo zinema garaikideko film bat ikus ditzakezu… edo azken solairura igo, eta Donostiaren ikusmira paregabe batez gozatu!

Santa Klara uhartea

Zer uharte? Tira, Donostiaren irudi tipiko bat gogoan baduzue, seguru asko Kontxako hondartzaren irudia izango da, bi mendiak alboetan eta erdian uharte bat ikusten direla; bada, uharte horixe da Santa Klara. Udan, itsasontzi batzuk jartzen dituzte portutik hara joateko… Kontuz ibili, ordea: uhartean, oso erraza da oharkabean eguzkitan kiskaltzea. Brisa goxoa izaten denez, ez da bero handirik sumatzen, eta karramarroak bezain gorri jartzeko arriskua duzu, ongi babestu ezean.

Aieteko parkea

Dotorea eta handientsua. Halakoxea da Aieteko parkea. Hiria inguratzen duten muinoetako batean dago, eta lorategi ikusgarriak eta, jakina, jauregi zoragarri bat ditu.

Historian zehar, aristokraziako hainbat pertsonaiaren egoitza izan da jauregia; udako egoitza modura erabili zuten, esate baterako, Elisabet II.a erreginak, Ingalaterrako Viktoria Eugenia erreginak, Maria Kristina erreginak eta Alfontso XIII.a erregeak. Berriki kultur etxea egin dute bertan.

Parkean, urmael bat dago, beltxarga eta guzti dituena, baita zuhaitz pila bat ere, eta harpe txiki bat, ur jauzia eta errekastoa.

Palace karrusela

Donostiako Udaletxearen parean itsasertzean kokatutako karrusel zoragarri hau 1900. urteko atrakzio bikaina da. Bertan, Walt Disneyren Mary Poppins filmeko protagonista bezalaxe sentituko zara karrusela biraka ari dela gora eta behera dabilen zaldi baten gainean.

Eureka! Zientzia museoa

Donostiako Miramon parke teknologikoan, Eureka Zientzia Museoa dago. Museo interaktiboa da, eta hainbat objektu erabiltzeko eta esperimentuak egiteko aukera eskaintzen dio bisitariari.

Bereziki azpimarratzekoa da museoko animalia areto berria. Animalien ezagutza eta haiekiko errespetua sustatzea da areto horren xede. Horretarako, hiru ekosistema berregin dituzte bertan, eta giro horien adierazgarri diren 20 espezie bizitik gora bildu, hori guztia 260 m2– ko instalazio batean.

Museoak badu planetarium bat ere, punta-puntakoa, 142 lagunentzako tokia duena. Azpiegitura bikaina da astronomia irakasteko. Behatoki astronomiko bat dago 30 m-ko altuerako dorre batean, eta, horrez gainera, Foucaulten pendulu bat, 14 metroko kristalezko dorre batean, baita animazio eta ikuskizun ugari ere, esate baterako Elektrizitatearen Ikuskizuna, estatu osoan bakarra.

Bestalde, bada gune ludikoago bat, simulagailu harrigarriez hornitua: errusiar mendiarena, eta baita 1 Formulako autoarena ere… Fernando Alonso bera bezalaxe sentituko zara!

Azkenik, kanpoko lorategietan Gipuzkoako eraikin bikainen maketa bilduma bat ikus daiteke, baita lorategi botanikoa ere.

Aquariuma

Hiriko kokaleku berezienetako batean dago, Donostiako kaian, Parte Zaharretik gertu, eta hirigunetik minutu gutxira.

Donostiako Aquariumaren eraikina 1928koa da, eta Gipuzkoako itsas ondarea zein itsasgintzakoa biltzen ditu bi solairutan. Bertan, nabarmentzekoa da euskal balea baten eskeleto handia, baita Kantauri itsasoa ardatz duten akuario ugari, 200 espezie baino gehiago biltzen dituztenak, eta 360º‑ko tunel ospetsua ere. Halaber, askotariko espezie tropikalak ikus daitezke!

Igeldo mendia – Atrakzio parkea

Igeldo mendira igotzeko garraiobide ezagunena funikularra da. 100 urtetik gorako historia du, eta denboran atzera egitea bezala da funikular horretan ibiltzea! Den-dena da sortu zutenean bezalakoa: bagoiak egurrezkoak dira, eta orain dela hainbat eta hainbat urte jendea kasinora eta dantzara joaten zenean bezalakoxea da igoera.

Funikularrak zuzenean eramango zaitu Igeldo mendiko atrakzio parkera. Antzinakoen tankerako parkea da, harribitxia preziatu bat, zeinetan igaroko baituzu egun zoragarri bat behinolako atrakzioetan, hala nola suitzar mendian eta ohe elastikoetan.

Jabetu al zara suitzar mendia duela izena Igeldokoak, eta ez errusiar mendia?

Elezaharrak dioenez, Francoren dekretu baten bidez jarri zioten suitzar mendia izena (hark eta haren lagun Hitlerrek “mania” baitzioten sobietar kutsua zuen orori), baina, arrazoi “ofizial” modura, beste azalpen bat eman zen, dirudienez:

“Definizioz, hala behar izanez gero alde batetik bestera eramateko moduko egitura dute errusiar mendiek, eta Igeldoko atrakzioaren egitura, aldiz, hormigoi gainean finkatuta dagoenez, ezin eraman liteke beste toki batera; horixe da suitzar mendien eta errusiar mendien arteko desberdintasun nagusia, hain zuzen”.

Cristina Enea

Donostiako hiriguneko parke handiena da, Egiako auzoaren eta hiriaren erdigunearen artean dago kokatuta. Landaredia autoktonoa eta antzinatasun handiko zuhaitzak ditu, hala nola, Atlasko zedroa, pagoak eta ginkgoa. Muino batean dagoenez, mendi itxura du, hiriaren erdi-erdian egon arren. Urmael bat dago, ahateak dituena, eta baita paumak ere!

Gipuzkoa Plaza

Baso ingeles txiki baten tankera du, hiriaren erdi-erdian badago ere. Mota askotako zuhaitz, lore eta landareak ditu, eta urmael txiki bat, ahate eta beltxargekin. Ordu-mahai bat ere bada, 1879koa! Marmolezkoa da, eta Donostiako meridianoaren eta munduko beste hainbat hiriburutakoaren arteko aldea markatzen du. Plaza Gabonetan bistatuz gero, jaiotza erraldoia ikusiko duzu bertan.

Alde Zaharra

Zalantzarik gabe, Donostian bisitari gehien erakartzen dituen gunea Alde Zaharra da. Hiriko bigarren auzo antzinakoena da, Antiguaren ondotik. Urgull mendiaren oinetan dago, portua duela itsasaldetik eta Urumea ibaia beste aldetik. 1863ra arte, eremu harresitua izan zen. Oinezkoen kalexka sare bat da, zeinak baitu erdigunea Konstituzio Plazan. Garai batean, zezen plaza izan zen gune hori; eta horren erakusgarri dira balkoietan ikusten diren zenbakiak. Gaur egun, berriz, askotariko ospakizunak egiten dira plaza horretan, hala nola danborrada, baita urtarrilaren 20an Donostiak bere zaindariaren eguna ospatzeko antolatzen duen jaia.

Handik gertu daude auzoko bi eliza zaharrenak: San Bizente, eta Santa Maria, barrokoa, Kale Nagusian. Eta, handik berehala, Zuloaga plaza, euskal kulturaren San Telmo museoa, XVI. mendeko komentu zaharberritu batean kokatua.

Aho-zabalik geldituko zara zenbat pintxo taberna tradizional dauden ikusita!

Urumea Ibaia

Urumea ibaiak alderik alde zeharkatzen du hiri osoa: Loiolako auzotik sartzen da, eta Kantauri itsasoan isurtzen du ura, Urgull mendiaren eta Zurriolako hondartzaren artean. Ibaia ikusteko modurik onena oinez paseoa egitea eta zubi guztiak igarotzea da.

Itsasotik hasita, Zurriola da lehen zubia: farola ikusgarriak ditu. Antzinakoena da hurrengoa, Santa Katalina, eta Maria Kristina dator gero, herensuge eta eskultura ikusgarriez apaindua. Hiritik kanpoaldera jarraituz gero, Loiola aldera, berriki eraikitako hiru zubi aurkituko dituzu: Mundaiz, Agirre Lehendakaria eta Reala.

Zubi bakoitzak bere xarma du, eta bakoitza estilo eta garai baten erakusgarri da. Ea guztiak bereizten dituzun!

Hondartzak

Hondartzak dira, udan, hiriko toki erakargarrienetakoak. Hiru dira, eta zeinek bere nortasun berezia dute: Kontxa, ezagunena; Ondarreta, familientzako aproposena, eta Zurriola, gazteen eta surflarien kutuna. Azkenik, aipatzekoa da Santa Klara uharteko hondartza ere: txiki-txikia da, baina itsas urez betetzen den “igerileku natural” bat du!

Kontxa

Hiriko hondartza klasikoena, argazkietan maizen atera ohi dena eta bisitari gehien erakartzen dituena… Kontxako hondartza!
Inguruneagatik, hondar zuri finagatik… hondartza paregabea da Kontxakoa! Kilometro eta erditik gora luzera du, hondar zurikoa da, eta jende asko ibiltzen da alde batetik bestera paseoan, hiri handi bateko etorbidea balitz bezala, baina hondartzan!

Ondarreta

Igeldo mendiaren eta Miramar jauregiko lorategien artean dago Ondarretako hondartza; kilometro erditik gorako luzera du, eta 100 metrotik gorako zabalera, eguzkia hartzera lasai etzateko. Hondartza honetan, ohitura handia dago boleibolean, palan edo futbolean aritzeko. Ekarri, beraz, palak eta baloia!

Zurriola

Olatua, surfa eta gazteria. Horiek dira Zurriolako hondartzaren hiru osagai nagusiak. Donostiako hondartzarik biziena eta surferako egokiena da, eta Gros auzoan dago, Kursaaleko kuboen eta Ulia mendiaren artean; mundu osoko surflariak eta gazteen topagunea da. Zurriolan, maiz egiten dira surf lehiaketak eta etengabe surf ikastaroak, boleibolekoak, futbol nahiz pala partidak … Udan etorriz gero, aukera izango duzu surf ikastaro batean izena eman eta olatuak harrapatzen ikasteko!

COOKIE-EN ERABILERA

Txikibidaiak.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago: Cookien politika

ACEPTAR
Aviso de cookies