Donostia

Bitxikeriak eta pertsonaiak

balas_guerra_civil

Donostiako hainbat eraikinetan ikusten diren zuloak

Espainiako Gerra Zibilean (1936-1939), Donostiako zenbait eraikinen inguruetan borrokak izan ziren nazionalisten eta errepublikanoen artean. Arretaz begiratuta, oraindik ere agerian daude borroka haietako tiroen arrastoak, Udaletxeko eta Victoria Eugenia antzokiko fatxadetan, esaterako.

parking_bula

Ezkutuko misterioak, Bulebarreko parkingean

Donostiako parking batean, Erdi Aroko harresi bat dago.
Bulebarreko parkingean, hain zuzen; Bretxako azokaren azpian dago aparkalekua, eta garai batean Donostiako Alde Zaharra zedarritzen zuen Erdi Aroko harresiaren arrastoak ikus daitezke han gaur egun.
Urteek aurrera egin ahala, harresia hondatuz joan zen, eta, denborarekin, harresi modernoago bat eraiki behar izan zuten.
1813ko sutearen ondorioz, kalte larriak izan zituen harresi hark, eta berritu egin zuten, baina beste 50 urtez soilik egon zuten zutik. Izan ere, azkenean, harresia eraitsi zuten, 1863an, hiria txiki gelditzen ari zelako eta zabalgune berriak eraikitzeko espazioa behar zelako.
1997an, ordea, Bulebarreko parkinga eraikitzeko hondeatze lanak hasi zituztenean, Erdi Aroko harresi zaharraren zati batzuk aurkitu zituzten. Hori ezustekoa! Parkingera jaisten bazara, hantxe aurkituko duzu.

gol_real

Realaren golak iragartzeko suziriak jaurtitzea

1960ko hamarraldiaren erdialdetik aurrera, Realak Atotxan jokatzen zuenean (futbol estadio zaharra) suziri bat jaurtitzen zuten kanpoko taldeak gola sartzen zuenean, eta bi suziri, berriz, Realak gola sartzen zuenean. Hala, partida jokatzen ari ziren orduan, suziri bat entzun orduko, donostiarrak kalean geldik geratzen ziren, bigarren suziria entzun zain, gola txuri-urdinek sartu zutela esan nahi baitzuen horrek.
Tradizio horren aitzindaria Patxi Alcorta izan zen. Hain zuzen ere, Kantauri itsasoan lanean ari ziren arrantzaleek beren talde kutuna nola zihoan jakin zezaten asmatu zuen suzirien kode hura. Anoetako estadio berria eraiki zenean, ordea, zentzua galdu zuen ohitura hark, nekez entzungo baitzuten arrantzaleek suziria Anoetan jaurtita, eta bertan behera utzi zuten ohitura.
Baina, 2006-2007 denboraldian (Reala bigarren mailara jaitsi zenean), ohitura hura berreskuratu zuten Sevillaren kontrako partidan, andaluziar taldeak eskubideak zirela eta zituen gorabehera batzuen ondorioz ezin izan zelako partida hura telebistaz ikusi. Eta, harrezkero, partidaz partida bete da, gaur arte.
Igande batez suziriak entzuten badituzu, beraz, ez nahastu: ez dira jaiak, golak baizik.

sirena_12h

12:00etako sirena

Egunero, eguerdiko 12:00etan, gerrako sirena bat entzuten da Donostiako erdialdean. Eta kalean kontatu ohi dena baino askoz ere mamitsuagoa da haren jatorriaren azalpena.
XIX. mendearen amaieran, kanoi bat zegoen Gipuzkoa Plazan, eta, 12:00etan, kanoikada bat botatzen zuen, egunero, eguzkia ordu horretan lupa sistema batekin lerrokatu eta kanoiaren metxa pizten zelako.
1930ean, kanoia desmuntatu zuten, baina “El Pueblo Vasco” egunkariak (gaur egun, Diario Vasco) ohitura hura berreskuratu zuen, Garibai kaleko bere bulegoan sirena bat ezarrita. 1936an, egunkariaren bulego hura itxi egin zen, baina Relojería Internacional denda lokal hartara aldatu zen, eta sirenaren tradizioari eutsi dio.
Teoria batzuek diote gerrako sirena hura Relojería Internacional etxeak herritarrek erlojuak doitzeko asmatutako sistema zela, baina, ikusi duzuenez, askoz ere antzinagokoa da ohitura¡.
Oso ozena da! Halako batean sirena entzunez gero, beraz, ez beldurtu!

isla_andando

Santa Klara uhartera, oinez

Esaten dutenez, marea oso-oso behera dagoenean, oinez irits daiteke Santa Klara uharteraino. Harrigarria litzateke uharte batera oinez joatea, baina, Donostian, badago azalpen bat esaldi hori justifikatzeko: marea oso behera dagoenean, uhartea benetan dagoena baino askoz hurbilago dagoela dirudi Ondarretako hondartzatik… Baina hara oinez iristeko bezain hurbil ote? Ez, ez da egia oinez joan daitekeenik uhartera; beraz, ez hartu saiatzeko lanik ere!

cementerio_ingleses

Ingelesen hilerria

Urgull mendiaren magalean dago ingelesen hilerria. Toki bitxia da, han ehortzita baitaude Karlistaldietan borrokara etorritako Britainiar Legio Laguntzaileko kide ziren ingeles soldaduak. Hilerria ez zuten halabeharrez ezarri gune horretan: Donostiako iparraldeeneko tokia da, eta han kokatu nahi izan zituzten soldaduak, Ingalaterratik ahalik eta hurbilen, iparrera begira. Ingelesen hilerria 1924an inauguratu zuen Viktoria Eugenia erreginak, eta, gaur egun arte, zaharberritze lan txiki batzuk baizik ez dira egin bertan. 1990eko zaharberritze haien ondotik beste konponketa lanik egin ez denez, landarez erdi estalita daude eskulturak eta hilobiak. Toki magikoa da!

barandilla_concha

Kontxako barandaren bitxikeriak

Kontxako baranda hiriaren ikur nagusietako bat da: mende betetik gorako historia du, eta Donostiako argazkietan maizen ateratzen den irudia da. Idatz ezazu googlen "Kontxako baranda", eta ikusiko duzu zenbat argazki; ezin konta ahala irudi agertuko zaizkizu!
Baina… ba al zenekien baranda Internetez eros dezakezula? Bada, bai; eta ez da hori bitxiena: dirudienez, barandaren irudia ez dago erregistratuta, eta eskala errealean erreproduzi daiteke. Internet bidez eskura daiteke, 400 € ingururen truke.
Barandari dagokionez, beste bitxikeria aipagarri bat da haren paneletako bat, pasealekuko bi erlojuen artean dagoena, alderantziz jarrita dagoela, atzekoz aurrera, halako eran non barandari buru ematen dion lorea hondartzan daudenei begira dagoela, pasealekura begira egon ordez. Ez dago jakiterik oker bat izan zen edo norbaitek apropos muntatu ote zuen horrela; baina, kontuak kontu, hortxe jarraitzen du, munduko ikusmira zoragarrienetakoaz gozatzen…
Apirilean, balleteko barra luze-luzea bihurtzen da urtero. Izan ere, balleteko mila ikasletik gora elkartzen dira han, dantza klasikoko erakustaldia egitera.
Nekez kalkula liteke egunean zenbat jende joaten den barandara; baina Donostiako Udalak pertsonen eta bizikleten kontagailu bat jarri du Kontxako pasealekuan, jakiteko zenbat oinezko eta txirrindulari igarotzen diren egunean bertatik.

surf_donosti

Surfa

Surfak berebiziko protagonismoa du Donostian. Munduko milaka surflari erakarri ohi ditu jarduera horrek Zurriolako hondartzara, olatuak harrapatzera. Urtean zehar, batez ere udaberrian eta udazkenean, hainbat lehiaketa egiten dira hondartza horretan, lokalak, nazionalak nahiz nazioartekoak. Eta, hilabete horietan, Australiako edo Kaliforniako edozein surf hiriren tankera hartzen dute Zurriolako hondartzak eta inguruek.

olas_paseo-nuevo

Pasealeku Berria

Hiriko pasealeku polit eta lasaienetakoa da, Kontxako badiaren eta Kantauri itsasoaren artean igarotzen baita. Marea biziak daudenean, arriskutsua izaten da, olatuek pasealekuko horma jo, eta oso gora jauzi egiten dutelako: kaleko argien garaieratik gora ere bai, batzuetan! Ikuskizun zirraragarria da, baina urrunetik ikusteko egokiagoa. Kontuz ibili!

tamboorrada

Danborrada

Danborrada da Donostiak hiriaren zaindariaren eguna ospatzeko antolatzen duen jaia. Urtarrilaren 20a da zaindariaren eguna, eta 00:00etan hasten da festa Konstituzio Plazan, hiriko bandera jasoz. Orduan ekiten diote Gaztelubide elkarteko eta beste hainbat danborradatako ordezkariek Sarriegiren doinuak jotzeari, eta, harrezkero, danbor hotsa nagusitzen da hiriko txoko guztietan egun osoan zehar. Donostiara urtarrilaren 20an etortzekoa bazara, ez ahaztu danborra! (ikus esteka)

chillida

Eduardo Chilida

Eskultorea, Donostiako seme kutunenetakoa.
Gaur egun, nazioarteko museo eta galeria onenetan erakusgai daude Chillidaren obrak; baina artistak bere sorterrian utzi nahi izan zituen bere lan adierazgarrienetakoak.
Horien artean dago, 'Haize Orrazia', hiru eskulturako multzoa eta Chillidaren obrarik ezagunena, zalantzarik gabe. Haize Orrazia 1977an ezarri zuten Donostian, eta artistak jaioterriari egindako oparia izan zen, zeinaren bidez eskaini nahi izan zien bertakoei nahiz bisitariei inguru hartan berak bere paseoetan adina gozatzeko aukera.
Eskulturaren altzairuzko beso okertuak inguruko espazioa besarkatzen saiatzen dira, eta, ahalegin horretan, hirira sartzen den haizea orrazten dute, ezinbestean.

8_apellidos

Borja Cobeaga

(1977-gaur egun). Ospe handiko donostiar zinema zuzendaria da. Pagafantas izan zen bere lehen film luzea, eta 2009ko uztailaren 3an estreinatu zuten aretoetan, arrakasta handiz, gainera: estreinaldiaren asteburuan, Espainian ikusle gehien izan zituen laugarren filma izan zen, Ice Age 3 eta Transformers 2 ekoizpen handiekin lehian aritu arren. 2014an, Ocho apellidos vascos film ospetsuaren gidoia lantzen parte hartu zuen. Ezagutuko duzu film hori, ezta?

sarriegi

Raimundo Sarriegi Etxeberria

(1938-1913). Espainiar musikagile ezaguna; San Sebastian Martxaren sortzailea izan zelako da ospetsua, batez ere. Donostiako herri musikan nabarmendu zen, herritarrek entzun, kantatu eta dantzatzeko doinu alai xumeak idatzi baitzituen. Haren omenezko plaza bat eta monumentu bat daude Donostiako Alde Zaharrean. Berehala ikusiko duzu zein den haren estatua, danborradako jantziaz jantzita baitago: soldaduz jantzita, danborra jotzen. (entzun San Sebastian Martxa)

oreja_van_gogh

La Oreja de Van Gogh

Donostiako musika taldea, 1996an sortua. La Oreja de Van Gogh taldeak zortzi milioi diskotik gora saldu ditu; hain zuzen ere, XXI. mendean salmenta maila gorena izan duen espainiar taldea da.
IKUSI BIDEOA

arzak

Juan María Arzak

(1942-gaur egun). Euskal sukaldaritza berriaren aitzindaria; XX. mendeko euskal sukaldari ezagunenetakoa da. Mundu osoko jendea joaten da haren jatetxera! Litekeena da izena irakurri soilik ez konturatzea nor den, baina seguru asko ikusiko zenuen inoiz Karlos Arguiñano sukaldariaren telebistako saioan, haren laguna eta lankidea baita.

bici_ss

Bizikletaz

Donostian bizikletaz ibiltzea ohitura bihurtu da, donostiarrentzat ez ezik baita urtero hiria bisitatzen duten kanpotar askorentzat ere.
Azkenaldian, izugarri ugaritu dira bizikletak hiriko espaloi eta errepideetan, eta erraza da Donostiako mutur batetik bestera bizikletaz joatea bidegorritik irten gabe.
Baina bizikletarik gabe etorri bazara, ez kezkatu! Bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema publiko bat dago hirian: dBizi. Eta, nahiago baduzu, badira orduka nahiz egunka bizikletak alokatzen dituzten zenbait denda ere. Saiatu Donostian bizikletaz ibiltzen: ikusiko duzu zein erraza eta dibertigarria den!

ciudad_ss

Ciudad San Sebastián - Katamarana

Donostia udan bisitatu eta Donostiako badia itsasotik ikusi nahi izanez gero, jo ezazu kaira, eta egin txangoa katamaran moderno honetan. Lehen aldia bada itsasontziz ibiliko zarena, ez izan zorabiatzeko beldurrik. Gozatu paseoaz, paisaia, kaioak eta hiria itsasotik ikusiz.

fuegos_artificiales

Su artifizialak

Abuztuaren 15eko astean, Aste Nagusia ospatzen da Donostian. Gauero, su artifizialen ikuskizuna izaten da. Hala, aukera duzu gau bakoitzean suak ikusteko toki bat aukeratzeko. Alde Zaharrean entzuten dira hobekien: zarata gorgarria ateratzen dute!

31_agosto

Abuztuaren 31 kalea

Abuztuaren 31, donostiarrek esaten dioten bezala, Trinitate kalea izan zen, garai batean. Kale hura soilik gelditu zen zutik 1813ko abuztuaren 31n hiri osoa suntsitu zuen sutean, eta, gertaera hori gogoratzeko, urtero kaleko argiak itzaltzen dira eta kandelak pizten dira 21:30ean; gertaera hartatik datorkio, halaber, gaur egungo izena

COOKIE-EN ERABILERA

Txikibidaiak.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago: Cookien politika

ACEPTAR
Aviso de cookies