Paris

Bitxikeriak

Maitasunaren hiria

Esan ohi da Paris dela munduko hiririk erromantikoena. Maitasunari buruzko poema, antzezlan eta film mordoaren protagonista izan da. ‘Maite zaitut’ Je t’aime esaten da frantsesez. Sena ibaiaren gainean, Pont des Arts izeneko zubian, ehunka bikotek euren izenak dituzten giltzarrapoak zintzilikatu, eta ibaira jaurtitzen dute giltza, elkarri dioten maitasuna berresteko. Baina debekatu egin behar izan dute giltzarrapoak zintzilikatzea, zubiak pisu handia hartu baitu eta erori egin baitaiteke!

Petanka

Hiriko kirol arrakastatsuena da. Lehenengo, egurrezko pilotatxo bat jaurtitzen da, eta ondoren, metalezko pilota handiagoak, egurrezkotik ahalik eta hurbilen kokatuta uzten saiatzeko. Harea edo hartxintxar gainean jokatzen da. Ziur ikusiko duzula norbait petankan jolasean Parisko edozein parketan!

Maskotak

Paris zakurrez beteta dago. Frantsesek oso gustuko dituzte maskotak, baita haiek jatetxeetara eramatea ere. Batzuek eserlekua ere jartzen diete! Garraio publikoan joan daitezke, eta bada zakurrentzako hotelik ere! Horren alderdi negatiboa da hiria zakur kakaz josita dagoela, eta urtero ehunka paristarrek ospitalera jo behar izaten dute zakur kaka zapaldu eta irristatuta!

Asterix eta Obelix

Asterix komiki ezagun bateko izarra da, eta haren abenturak antzinako Frantzian kokatuta daude, Galian. Asterixen eta haren adiskideen abenturak duela 50 urte baino gehiago hasi ziren, eta gaur egun liburutan, filmetan, jolasetan eta jostailuetan ageri dira. Paristik hurbil parke tematiko bat ere badago, ikaragarri gustatuko zaizuna!

Gillotina

Antzinaroan, aberatsak eta boteretsuak bakarrik hiltzen zituzten burua moztuta gaiztakeriaren bat egiten bazuten! Beste batzuek ez zuten halako zorterik, eta bizirik erretzen zituzten, edo hil arte torturatu. Joseph-Ignace Guillotin doktoreak, sufrimendua ekiditearren burua mozteko modu bizkor eta fidagarri bat lortu nahian, gillotina asmatu zuen: burdinazko marraza bat zuen egurrezko makina. Burua 2 segundoan mozten zuen burdinazko marraza hark! Parisen, egungo Place de la Concorde plazaren erdian kokatuta zegoen gillotina, eta 40.000 buru baino gehiago moztu zituzten bertan! Maria Antonietarena edo Luis XVI.arena, besteak beste.

Zaldiko-maldikoa

Parisen zaldiko-maldiko ugari dago, eta plaza nahiz parke askotan ikusiko dituzu halakoak. Zaldiko-maldikoa Ekialde Hurbileko zaldizkoek asmatu zuten aspaldi. Egurrezko zaldi bat makila birakari batean sartzen zuten, eta zaldi gainean ezpatarekin zehaztasuna trebatzeko erabiltzen zuten.
Norbaiti iruditu zitzaion asmakizun hura oso dibertigarria zela, eta halaxe jaio zen zaldiko-maldikoa. Parisen oso politak dira, oso montura dotoreak baitituzte, elefanteak, dinosauroak eta dragoiak, adibidez! Horrelako baten gainean bira eginda, zaldiko-maldikoen magia ezagutuko duzu! Baina kontuz zorabioekin!

Mugimendu artistikoak

Barrokoa, Art Nouveau (Belle Epoque), Inpresionismoa...
Antzina, margolariak margolan errealistak egiteagatik ziren ezagunak, hau da, argazkien antzeko margolanak egiteagatik. Baina XIX. mendearen erdialdean, Parisen, artistek arau horiek alde batera utzi zituzten: formak kolore puruak erabiliz lausotzen eta argi ugariko eszenak irudikatzen hasi ziren. Estilo artistiko berri horri inpresionismo esan zioten. Claude Monet margolari frantsesa izan zen estilo horren sortzaileetako bat. Seguru asko, eskolan erakutsiko zizuten haren margolanen bat.

COOKIE-EN ERABILERA

Txikibidaiak.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago: Cookien politika

ACEPTAR
Aviso de cookies