Bartzelona

Bitxikeriak eta pertsonaiak

Bartzelonako planoa

Bartzelonara autoz joanez gero, ohartuko zarete etxe sail karratuz osatuta dagoela hiria. Ildefons Cerdà urbanistak diseinatu zuen egitura hori, XIX. mendean, orain dela ehun eta berrogeita hamar urte baino gehiago, eta bikaina da, leku batetik bestera oso erraz joateko aukera ematen baitu. Ikusiko duzue!

Castell

Hala deritze katalanek egiten dituzten giza dorre ospetsuei; oro har, ospakizun berezietan egiten dituzte, tradizioari jarraituz, adibidez, jai nagusietan. Castellak ikusiz, beti sortu ohi zaio galdera bera ikusleari: nola liteke zutik irautea?

Katu erraldoia

Fernando Botero kolonbiar artistaren eskultura hau 80ko hamarraldiaren amaieran eskuratu zuen Bartzelonako Udalak. Katu erraldoi baten artelan bakarra da munduan, eta Rambla de Ravalen dago kokatua.

Taxiak

Taxiak horiak dira, New Yorken bezala.

Ironia handiko eskultura bat, Postetxean

Hasieran, posta zerbitzua nahiko kaskarra zen, eta asko atzeratu ohi ziren igorpenak. Posta bulego zaharra apaintzeko, enaren grabatu bat egin zuten behin, baina, txantxa modura-edo, norbaitek dortoka erantsi bide zion grabatuari, aldarrikatzeko zerbitzuak enarak bezain bizkorra behar zuela izan baina dortokaren abiaduran zebilela.

Espainiako Gerra Zibileko balen arrastoak

Hiriko zenbait txokotan agerian dira oraindik gerraren arrastoak, baina toki horien artean bereziki hunkigarria da Sant Felip Neri plaza, bala arrastoz beteta baitago hango elizaren fatxada bat. Ehunka lagun hil zituzten bertan, 1938an, bonbardaketa batean, aldameneko eskolako ikasleak barne.

Caganer

Caganer pertsonaia Kataluniako jaiotzako irudi ospetsuenetakoa da; irudi makurtu bat da, ipurdia agerian duena, eta erretzen ari da.

Sardana

Kataluniako dantza tipikoa sardana da; taldean egiten da, biribilean.

Joan Miró

Joan Miró Bartzelonatik hurbil jaio zen. Espainiako artista handienetakoa izan zen, eta surrealismoan nabarmendu zen, zeina izan baitzen XX. mendeko joera artistiko gailenetako bat. Miró Parisen bizi izan zen luzaroan.

Montserrat Caballé

(1933-gaur egun) Baliteke 2016ko Gabonetako Loteriaren iragarkiagatik ezagutzea, baina hori baino askoz ere gehiago da. Izan ere, Bartzelonako pertsonaia aipagarrienetakoa da La Caballé –hala deritzote–, eta XX. mendeko soprano bikainenetakoa. Bai, zozketaren iragarki ospetsu hura atera zenean, “izugarria” zela esan zuen. Emanaldi gogoangarria egin zuen Freddie Mercuryrekin, eta berak jarri zien soinu banda 92ko Olinpiar Jokoei. Goitik beherako diva bat.

>> IKUSI BIDEOA

Joan Manuel Serrat

(1943-gaur egun) Zer esan Bartzelonako ahots ezagunenetakoaz? Mediterraneoan sortu zen, eta nazkatu samar dago mutikoari “deja ya de joder con la pelota” esateaz. Antonio Machado, Mario Benedetti, Rafael Alberti eta Miguel Hernándezen poemetan oinarriturik sortu dituen bertsioek arrasto sakona utzi dute belaunaldi askorengan. Ba al zenekiten Eurovisión lehiaketan Espainiaren ordezkari izateko zorian egon zela, “La la lá” kantarekin, baina ez ziotela aurkezten utzi, katalanez kantatu nahi zuelako?

>> IKUSI BIDEOA

Antoni Gaudí

Antoni Gaudí Espainiako arkitekto ospetsuena da. Haren obra aipagarrienak Temple de la Sagrada Familia eta Parc Güell dira. Eta Bartzelonan daude biak! Modernismoaren arkitektura arloko ordezkari gorena da, eta hari esker da Bartzelona Alizia herrialde miresgarrian kontakizuneko parajeen pareko hiria. Gaudíri buruz diotenez, masoia zen, substantzia haluzinogenoak hartzen zituen, elikadura nahasmenak zituen eta, hil zenean, eskaletzat hartu zuten (tranbia batek harrapatuta hil zen).

Hona hemen Bartzelonan bisita ditzakezun Gaudíren obra batzuk:

  • Parc Güell:
    Irudimen handiz sorturiko parkea; kolore eta forma askotako zutabeak, harpeak eta pasabideak ditu. Azpimarratzekoa da azulejuz egindako apaindura kolorista, argitasun ikusgarria ematen diena itsas olatuen forma gogorarazten duten eserlekuei.
  • Familia Sakratua:
    Familia Sakratuaren eliza Bartzelonako monumentu ezagunena da. Hiriaren iparraldean dago. Gaudí 1891n hasi zen eliza eraikitzen, eta dagoeneko bisitatzeko moduan dagoen arren, ez dago amaituta oraindik. Zenbait arkitektok parte hartu dute haren eraikuntzan. Antoni Gaudí 40 urte baino gehiagoz aritu zen obra horretan lanean, baina amaitzeke zuela hil zen. Katedral handi bat da, tankera gotikokoa, eta haren sortzailearen bizitzako proiektu handinahiena izan zen. Gaudík plano orokor bat utzi zuen, baita azterlan sakonak ere egitura berriari buruz eta nabe, zutabe, leiho, ganga eta estalkietan erabili beharreko naturan oinarrituriko forma geometrikoei buruz.
  • Casa Milá (la pedrera)
    Bartzelonako Gracia pasealekuko eta modernismoaren ikurretako bat da. Gaudík, naturan oinarrituta, itsas olatuak gogorarazten dituen fatxada bat diseinatu zuen, eta burdin galdatuzko balkoiak ezarri zituen, landare igokariak itxuratuz, baita gerrariak diruditen tximinia berezi batzuk ere.
  • Batlló etxea
    Milá etxetik oso hurbil dago. Teilatuari erreparatuz gero, elezaharraren arabera Sant Jordik mendean hartutako herensugea ikusiko duzu. Barruan, berriz, bisita antzeztua egin dezakezu; Antoni Gaudí gazteak kontatuko dizu, lehen pertsonan, laneko txabusina soinean, nola asmatu eta kontzeptualizatu zuen eraikina.

Sant Jordi eguna eta Elezaharra

Sant Jordi (San Jorge) Kataluniako zaindaria da. Apirilaren 23an ospatzen da haren eguna, eta, egun horretan, Katalunian ohitura da gizonek arrosa gorri bat oparitzea emakumeei eta emakumeek liburu bat oparitzea gizonei.

Sant Jordiren elezahar zoragarria dago ohitura horren jatorrian. Irakur ezazu elezaharra, bada, jakiteko nola sortu zen tradizioa:
“Tradizioaren arabera, herensuge beldurgarri batek izua zabaldu zuen Montblanc hiribilduan. Herritik kanpo bizi zen piztia; airea eta ura kutsatzen zituen bere hats kirastsuarekin, eta abereez elikatzen zen. Elikagai bila herriko harresietatik gero eta hurbilago zebilela ikusirik, ordea, herritik aldentzeko modua asmatu behar izan zuten, halako batean, hiribilduko biztanleek.

Zerbait egin behar, eta, lehenengo, ardiak eman zizkioten jateko; ardiak amaitutakoan, idiak, eta, ondoren, zaldiak. Baina, azkenean, herritarrak berak sakrifikatu behar izan zituzten. Hala, sartu zituzten herritar guztien izenak eltze batean, erregearena eta haren alaba printzesarena barne, eta, egunero-egunero, biharamunean nor hilko zen erabakitzen zuen esku hobengabe batek, eltzetik izen bat aterata. Behin batean, printzesaren izen atera zen.
Batzuek diotenez, erregeak negarrez eta erreguka eskatu zien bere mendekoei alabaren bizia salba zezatela, baina alferrik izan ziren haren eginahalak, aita guztiak baitzeuden egoera berean. Beste batzuek kontatzen dutenez, berriz, erregeak ausardiaz eta adorez beterik utzi zien alaba herensugeari emateko. Edonola gertatu zela ere, neska gazteak harresietatik atera, eta bere patu zorigaiztokora abiatu behar izan zuen biharamunean.

Herensugea gaztea jateko zorian zela, ordea, Sant Jordi zaldun ausarta agertu, eta aurre egin zion herensugeari. Ezpata bihotzean sartuta piztia hil, eta printzesa ederra salbatzea lortu zuen. Eta, bat-batean, arrosa gorri bat sortu zen herensugearen bihotzetik isuritako odoletik.

Hortik dator emakumeei arrosa gorria oparitzeko ohitura, beraz. Liburuaren tradizioa, berriz, geroagokoa da; batzuek diotenez, printzesak maitasunezko poema bat idatzi zion zaldunari.

Herensugeak

Ba al zenekien orain dela hainbat mende Drakcelona esaten ziotela Bartzelonari? Bai, bai. Urte askoan isil-isil egon arren, gaur egun ere badaude dragoiak, hiriko hainbat txokotan ezkutatuta, oinezkoek, herritarrek eta turistek aurkitu zain.

Kataluniako hiriburuan, mota askotako dragoiak ikus daitezke, gainera. Izan ere, piztia fantastikoa denez, artista bakoitzak bere irudimenaren arabera irudikatu izan dute urteen joanean.

Irudi batzuk oso handiak dira, eta badira beste batzuk txikiagoak. Dirudienez, herensuge handiena Parque de la España Industrial parkean dago; 32 metro da luzea, eta 150 tonako pisua du; txikienak, berriz, Palau de la Generalitat jauregiko Pati dels Tarongersko ateetako maratiletako herensuge bikotea dira, dirudienez (10 cm eta 100 gr baino ez).

Dragoi bitxienetakoa, dena den, eta argazkietan gehien ateratzen direnetakoa, Casa de los Paraguas etxeko txinatar herensugea da. Rambletako modernismo aurreko eraikin horretako herensugea herensuge zintzoa da, zeruaren zaindaria; ekialdeko elezaharren arabera, euria ekartzeaz eta ibaiak kontrolatzeaz arduratzen da.

Herensugea, dena den, ez da Sant Jordiri soilik loturiko izakia; hain zuzen ere, Kataluniako tradizio ikusgarrienetako baten protagonista ere bada: correfocen protagonista. XII. mendeko dantza tradizionalak dira correfocak, eta ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka irudikatzen dute; gaur egun, dragoi beldurgarriek parte hartzen dute dantza horietan: benetako sua jaurtitzen dute ahotik!

Gaudík ere egin zion omenaldia herensugeari, bi irudi biziki deigarriren bidez. Parc Güell parkeko herensugea da horietako bat, trencadís teknika erabiliz egina (forma irregularretan moztutako zeramika edo beira zatiak erabiltzea gainalde bat estaltzeko).

Bestea, aurrekoa baino ezezagunagoa, agian, , Pabellones Güell pabiloietako atariko burdin forjatuzko ate batean dago, Bartzelonaren goiko aldean, Pedralbes auzoan.

Batlló etxean, azkenik, teilatura begiratuz gero Sant Jordik mendean hartutako dragoia ikusi ahal izango duzu.

Ba al zenekizkien Bartzelonako dragoiei buruzko istorio horiek guztiak?

COOKIE-EN ERABILERA

Txikibidaiak.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago: Cookien politika

ACEPTAR
Aviso de cookies