Bartzelona

Leku interesgarriak

Cosmo Caixa

Espainiako lehen zientzia museo interaktiboa (1981ean inauguratua) izan zenaren instalazioetan dago.

Zientzia gune bat da, eta bost zentzumenekin hainbat esperimentu egiteko aukera izango duzue bertan!
Hainbat espaziotan banatuta dago museoa:

  • Horma geologikoa, zeinetan ikusten baitira hainbat egitura geologiko.
  • Urak hartutako basoa, Amazonetako baso baten berregitea.
  • Materiaren aretoa, materiaren bilakaerari buruzko hainbat esperimentu erakusten direna.
  • Planetarioa, 3Dko dokumentalak eskaintzen dituena.
  • Eta haurrentzako bereziki prestaturiko aretoak, hala nola burbuila planetarioa, “click y flash” aretoa edo “¡toca, toca!” aretoa.

Montjuïc

Hiriaren hegoaldean, Montjuïc dago, 213 m-ko altuerako mendi bat! Parke zoragarriak, atrakzio parkea, gaztelua eta olinpiar estadioa daude mendi horretan.

Han dago, halaber, Poble Espanyol, 1929an sortua, urte hartan hirian egin zen Nazioarteko Erakusketa zela eta. Aire zabaleko arkitektura museo moduko bat da, eta Espainiako eraikin berezienen erreprodukzioak biltzen ditu.

Montjuiceko iturri magikoak

Bartzelonako harribitxi ospetsuenetako bat da.

Uraren mugimendua koloretako argi aldakorrekin eta musikarekin koordinatuta sorturiko ikuskizun zoragarri bat da eskaintzen dute, dantza magiko moduko bat: gora eta behera egiten du urak, ezkutatu egiten da, eta eztanda egiten du, zuen begien aurrean.

Eta bero egiten badu, jar zaitez hurbil, busti eta pixka bat freskatzeko!

Auzo Gotikoa

Bartzelonako auzo bitxia, hirian historia luzeenetakoa duena. Kalez osaturiko labirinto txiki bat da; antzina, merkatarien eta eskulangileen auzoa zen, eta Bartzelonako familia dirudunen bizitokia izan zen. XIII. mendean eraiki zuten, hiriko harresietatik kanpora, eta moda-modan dago gaur egun; auzoko kaleetan paseoa eginez, punta-puntako diseinuaren, aisiaren eta moden erakusgarriak ikusiko dituzue nonahi, han kokatu baitituzte artista askok beren tailerrak, auzoaren tradizioari berreskuratuta.

Mercat del Born azoka zaharra har dezakezue abiapuntu; burdinazko eta beirazko egitura ikusgarri bat da. Hura zaharberritzen saiatu zirenean, antzinako etxe eta saltokien arrastoak aurkitu zituzten.

Handik, Passeig del Born pasealekura iritsiko zarete. Historia oparoko gunea da: han egiten zituzten zaldunek torneoak Erdi Aroan, lantzez eta armadurez horniturik; baina badu historia ilunagoa ere, han exekutatzen baitzituzten Inkisizioaren biktimak: jendea erretzen zuten, beste erlijio batean sineste hutsagatik. Anker halakoak!

Pasealekuaren amaieran, Santa Maria del Mar de Barcelona basilika dago, estilo gotikoko arkitekturaren erakusgarri bikainenetakoa. 1329 eta 1384 bitartean eraiki zuten, eta berez dena baino handiagoa dirudi haren egiturak, zutabe oso garaiek eusten diotelako. Erreparatu zoruari: hilobi pila bat daude. Izan ere, ontzigile eta merkatariek eraiki zuten, eta hantxe hilobiratu zituzten haietako asko.

Azkenik, egin paseotxoa Montcada kalean barrena: Erdi Aroko jauregi ikusgarriak ditu, baita arteleku ugari ere, Picasso museoa esaterako.

Bartzelonako Aquariuma

Bartzelonako Aquiariumean 11.000 arrain eta 450 motatako itsas izakiak ikusi ahal izango dituzu. Munduko akuario nagusietako bat da.

Ciudadela parkea

Bartzelonako hiriko parke bakarra izan zen luzaroan. 1888ko Erakusketa Unibertsala zela eta, Francisco de Paula Rius y Taulet alkateak parkea urbanizatzeko enkargua egin zuen, honako argudio honetan oinarrituta: «Lorategiak hiriarentzat dira birikak direna giza gorputzarentzat». Elementu deigarrienak ur jauzi ikusgarria eta Castillo de los Tres Dragones eraikina dira; eraikin hori Zoologiako Museoaren egoitza da, gaur egun.

Lorategi ederrak, monumentuak, zuhaiztiak, aintzira bat, negutegi bat eta Bartzelonako Zoologikoa daude Ciudadela parkean.

Kalez, kale...

Canaletes iturria

Ramblen goiko aldean dago, eta hiriko ospetsuena da.

Tradizioak dioenez, iturri horretako ura edaten duena Bartzelonara itzuliko da egunen batean, seguru. Bartzelona gustukoa baduzue beraz, hurbildu iturrira, eta edan gogotik!

Kristobal Kolonen estatua

Amerikaren aurkitzailearen omenez eraiki zuten, Bartzelonako 1888ko Erakusketa Unibertsalerako obrekin batera. Kristobal Kolon itsasoari begira ageri da, hatz erakusleaz itsasoa seinalatuz; 60 m-ko zutabe bat du oinarri gisa, eta oinarriko igogailuak estatuaren oinetan kokatutako esferaerdira igoko zaitu. Hiri osoa ikusten da goitik!

Eulien kalea

Born auzoan, Bartzelonako kale estuena dago: calle de las moscas deritzona (eulien kalea). Gaur egun, itxita dago kalea, baina, esaten dutenez, besoak luzatuta kalearen bi hormak ukitzen dira.

Born auzoko sekretuak

Auzo honetako etxe gehienak Erdi Aroan eraikiak dira, eta ikur bitxiak dituzte fatxadetan.

Adibidez, harrizko buruak ikusten dira kalexka batzuetan, eta buru horiek adierazten dute garai batean emagaldu etxe bat izan zela toki horretan; zaldien seinaleak ere badaude, hori baitzen garraiobide erabiliena. Gaur egun, arrasto horiek oharkabean igarotzen dira arreta jarri ezean, obra artistiko moderno ugari daudelako inguruan.

Mercat de La Boqueria

La Boqueria azoka Rambletan dago; munduko azoka onenetako bat da. Harri eta zur geldituko zara hango produktuekin; denetik ikusiko duzu: itxura ezin hobeko fruta, espeziak, arraina, txokolatea… Ez zaizu berehalakoan ahaztuko bero egiten duen egunetan hondartzan La Boqueríako fruta ontziak dastatzeak eragiten duen gozamena!

Ramblak

Paseoa jendez gainezka egoten da egunez, baita gaueko ordu txikietan ere. Prentsa, lore eta hegazti saltokiz beterik dago, eta ezin konta ahala kale antzezle, kafetegi, jatetxe eta denda ere badaude. Portutik hurbil, makina bat azoka ikusiko dituzu, baita margolari eta marrazkilari ugari ere lanean. Ramblan paseoa eginez, eraikin interesgarri ezagutuko dituzu, hala nola Erreginordearen jauregia, La Boquería azoka eta El Liceo antzoki ospetsua.

Paseo bat enaran

Golondrina (euskaraz, enara) deritze Bartzelonako portuan Mirador de Colónatik Port Vellen barrena dabiltzan mende hasierako itsasontzi zoragarriei.

COOKIE-EN ERABILERA

Txikibidaiak.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago: Cookien politika

ACEPTAR
Aviso de cookies