Bilbo
Bitxikeriak

Bilboko ura
Ba al zenekien xanpainari Bilboko Ura esaten diotela bilbotarrek? Hain dira harroak, esaten baitute Bilbon “ura bezalaxe edaten dela xanpaina”. Ez saiatu egia den egiaztatzen!

Bilboko lauzak
Kaleko lauzak Bilboren ikurretako bat dira. Izan ere, lauza bereziak dituzte Bilboko espaloiek, beste inon ez bezalakoak. Hormigoizkoak dira, burdin txirbilez eta hondar lodiz nahastuak, egun euritsuetan jendea irrista ez dadin bereziki sortuak. Seguru asko, dendaren batean giltzatako edo pin modura salgai ikusiko duzu Bilboko lauza; oroigarri polita, benetan!

Kontuz, gero! Bilbokoa naiz eta!
Bilbotarren ezaugarri nagusia bilbotar izatearen harrotasuna da: Bilbokoa izatea da bilbotarrei gerta dakiekeen gauzarik onena, eta harrotasun horrek ospetsuak egin ditu mundu osoan, eta txiste eta kontakizun asko daude horri buruz. Bilbotar peto-petoaren bereizgarriak dira Athleticen elastikoa janztea noiznahi, harroputza izatea eta hizkera berezia. Bilbotarrek munduko beren mapa dute, tipografía berezia erabiltzen dute denden edo tabernen izenetan eta bilbotarkerien edo bilbainaden hiztegia ere badute! Nola izan liteke hain harroputza? Kar, kar, kar.

Graffitiak
Bilbon paseoa eginez gero, ezin konta ahala graffiti aurkituko dituzue, zein baino zein deigarriagoak! Mota eta kolore askotakoak daude, eta nonahi. Batzuk, letra handi eta erliebedunak, graffitigileen izen eta guzti, toki urrunenetako hormetan. Beste batzuk, irudi artistikoagoak, saltokien pertsianetan. Baina guztietan berezienak, fatxada handietan ikusten direnak, mendiaren magala apainduz edo ibaiadarreko ingurune ederrenean.

Bilbon barrena
Bilbon, tranbian edo metroan ibiltzen da jendea. Hiria ez da oso handia, baina zoragarria da hirian barrena tranbian ibiltzea, leiho handietatik dena ikusiz. Hiriaren ikusmira bereziez gozatu nahi izanez gero, berriz, baduzue beste aukera eder bat: ibaiadarrean barrena ibiltzen den itsasontzi turistikoa, Bilboat. Esperientzia paregabe eta oroitzapen ahaztezina izan daiteke, halaber, bizikleta alokatzea edo segwayan ibiltzea. Zein duzu nahiago?

Marijaia
Bilbora abuztuko 3. astean joateko aukera izanez gero, Marijaia topatuko duzu edozein txokotan. Fikziozko pertsonaia bat da Marijaia, Bilboko Aste Nagusiaren ikurra. Euskal emakume tradizionalaren tankera du, koloretako jantziak soinean eta zapia buruan. Aurpegi barregarria du, hazpegi nabarmenekikoa eta masailgorria. Gora jasota ditu besoak, pozaren eta dantzaren ikur. Jaien hasieran, pregoiaren eta txupinaren ondoren, Udaletxeko balkoian agertzen da Marijaia handia, eta Bilboko Aste Nagusiaren protagonista bihurtzen da une horretatik aurrera. Jaien azken egunean, agur modura, erre egiten dute Marijaia panpina, itsasontzi batean ibaiadarrean barrena doala. Marijaiak kantu propioa du, "Badator Marijaia", Kepa Junkerak sortua. Entzun abestia

Garola garabia
Garabi hau Bilboren garai industrialaren ikonoa da. 1957an eraiki zuten, ibaiadarreko Euskalduna ontzioletako tailerretan eraikitako piezak eta makinak garraiatzeko. 60 m-ko altuera du, eta 30 tonako pisua! Garabi galanta!

Surfa
Bilbon bertan hondartzarik ez dagoen arren, itsasotik oso hurbil dago, eta, olatuak gustukoak badituzue, baduzue itsasoaz, haren indarraz eta oldarraz surfa eginez gozatzeko modua! Izan ere, Bilboko kostaldean toki ezin egokiagoak aurkituko dituzte surfzaleek, baita hondartza bikainak ere eguzkia hartzeko, bainatzeko eta ilunsenti zoragarria ikusi arte egun pasa egiteko! Ba al zenekien Urdaibaiko Biosferaren Erreserban dagoen Mundaka herriko ezker olatua Europako kategoria horretako olaturik onentzat hartua dela? Iuufff!

Bakailaoa, bakailaoa eta bakailaoa
1835ean, bilbotar merkatari batek bakailao eskari hauxe egin zuen: “Envíenme 100 ó 120 bacaladas primera superior” (“Bidali 100 edo 120 bakailao gazitu, goren mailakoa”). Dirudienez, gaztelaniazko “ó” hori “0” bat zela pentsatu zuten (tildeak garrantzirik ez zuela uste zuen norbait izango zen…), eta hara zer egin zuten: 1.000.120 bakailao bidali! Garaitsu hartan, ordea, karlistek Bilbo okupatu zuten, eta, ezinezkoa bihurtu zenez inolako salgairik sartzea hirira edo irtetea hiritik, bilbotarren salbazioa izan zen hainbeste bakailao edukitzea gordeta: bilbotarren elikaduraren oinarria bihurtu zen, eta ezin konta ahala errezeta asmatu zituzten! Ez ezazu Bilbotik alde egin bakailaoa dastatu gabe… bilbotar erara, jakina!