Bilbo
Leku interesgarriak
Guggenheim Museoa

Guggenheim Bilbao Museoa, Frank Gehry arkitektoak diseinatua, hiriaren ikur bihurtu da, goitik behera aldarazi baitu haren itxura. Titanioz estalita dago eraikina, eta ikusgarria da eguzkiak eta hodeiek haren ezkaten koloreak etengabe aldarazten dituzten egunetan! Museoaren atarian, zaindari, Pupy dago, lorez egindako zakur erraldoia, polit-polita. Museoaren eraikina, dena den, harrigarria da barrutik ere. Donut erraldoi bat dago, labirinto bat, begi handi bat eta altzairuzko 80 esferako zuhaitz bat! Arte garaikideko obra pila batez gainera, noski. Ezin gehiago eskatu!
Museoak haurrentzako jarduerak antolatu ohi ditu. Erakusketak bisitatu ondoren, beraz, zuen artelanak sortu ahal izango dituzue! (Tailerretan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharra dago)
Adi! Guggenheimen argazkiak ateratzea debekatuta dago, baina beti ibiltzen da norbait mugikorrarekin argazkiak lapurtzen. ( jijijiji)
Informazio gehiago: www.guggenheim–bilbao.es
Kokalekua: Abandoibarra Etorb., 2
Ibaiadarra

Nerbio ibaiaren ibaiadarra Bilboko bizitza ekonomiko eta sozialaren muina da, gaur egun, beti izan den bezala. Alde zaharretik hasi eta Nerbioiren bokaleraino, hainbat zubik zeharkatzen dute, zeinek bere ezaugarriak, historia eta gaur egungo nahiz antzinako erabilera berezia dituela. Zubizuri edo Arrupe pasabidea Bilbo berriaren ikono dira, eta, beste batzuk, hala nola San Anton zubia, iraganaren erakusgarri bikainak; hain zuzen ere, 700 urtetik gorako historia du San Anton zubiak, eta hiriaren ezkutuan agertzen da.
Egin osteratxoa ibaiadarrean barrena, zubiak ezagutuz eta paseo atsegina eginez edo parkeetako zabuetan jolas eginez.
Plan bikaina da Nerbioiren ibaiadarra itsasontziz ezagutzea ere!
Alhondiga

Aisia eta kultura gune publikoa da; antzina, ardandegi bat zen. Eraikina oso polita da: kanpotik, estilo modernistakoa, XX. mendearen hasieran diseinatua, eta barnetik oso modernoa, Philippe Starckek diseinatua.
Alhondigan, mediateka bisita daiteke, erakusketa bat ikusi, oroigarri originalak erosi edo lurrean etzan, zutabe baso batean, zutabe guztiak desberdinak dituen baso batean! Egun euritsu batean joatea gomendatzen dizuegu; eta, bertigorik ez baduzue, igo ganbarara!
Informazio gehiago: www.alhondigabilbao.com
Kokalekua: Arriquíbar Plaza, 4
Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa garai batean Euskalduna ontziola kokatuta zegoen tokian dago, Bilboko ibaiadarraren ertzean. Museoaren xedea da ibaiadarrarekin lotura izan zuten pertsonen kultura eta bizimodua eta ibaiadarreko itsas tradizioa zabaltzea. Egin ezazue Gymkhana Pirata: piraten bizitzako hainbat xehetasun ikasiko dituzue, baita kortsarioen trebetasunak zuenganatu ere!
Informazio gehiago: www.museomaritimobilbao.org
Kokalekua: Ramón de la Sota Kaia, 1
Alde Zaharra

Alde Zaharra hiriko auzorik zaharrena da. Zazpi Kale izenez ere ezaguna da, jatorrian zazpi kalek osatzen zutelako: Somera, Artekale, Tenderia, Carniceria Vieja, Belostikale, Barrenkale eta Barrenkale Barrena. Denborak aurrera egin ahala, hedatu egin zen auzoa, eta zazpi kale baino gehiago bildu zituen, baina eutsi egin dio garai bateko izenari.
Oso gune bizia da Alde Zaharra, baita bilbotarren kutunenetakoa ere. Txoko xarmagarri ugari aurkituko dituzue bertan, eta denda tradizionalak edo bitxiak, eraikin historikoak, pintxo eta kaxuelita taberna erakargarriak Plaza Berrian eta milaka koloretako graffitiak!
Alde Zaharrean daude, halaber, Arriaga antzoki ospetsua; Erriberako azoka (Europako azoka estali handiena), edonor aho-zabalik uzteko moduko arrain eskaintza duena; eta antzinako burtsaren eraikina.
San Mames estadioa

San Mames estadioa Bilboko Athletic taldearen zelaia da. Oso toki kutuna bilbotarrentzat. Athleticeko jokalariren baten izena jakin baietz?
Athletic taldeak etxean jokatzen duen igandeetan, estadio inguruak jendez gainezka egoten dira, zale guztiak zuri-gorriz jantzita eta txapela buruan, asko eta asko! Estadioa hobeto ezagutu nahi izanez gero, baduzue bisita gidatua egiteko aukera. Palko aurrean hasten da bisita; Athletikekoen omenez disekatutako lehoi bat dute han; izan ere, lehoiak deritze Atlheticekoei! Museo txiki bat ere badago: argazkiak, ikus-entzunezkoak, sariak, sarrera bildumak, antzinako bazkide txartelak, baloiak eta ekipazioak ikus daitezke bertan, jokalariak idoloak zirenekoak eta partida joan partida etorri elastiko bera izerditzen zutenekoak, eta, amaitzeko ,aukera izango duzue zelaia zapaldu eta goi mailako jokalarien modura sentitzeko!
Kokalekua: Rafael Moreno Pitxitxi Kalea, z/g
Parkeak

Hiriaren ezaugarri aipagarria da hiria eraberritzean oso kontuan hartu direla pasealekuak, oinezkoen etorbideak eta parkeak. Eman paseo bat Abandoibarran barrena, eta gozatu inguruko ikusmiraz eta zubiez. Une magikoa biziko duzu Ingelesen Zelaian: hortxe daude Bilboko zaburik bikainenak. Eta ez ahaztu Doña Kasilda parkeko bisita egitea eta urmaeleko ahateei jaten ematea. Ikusiko duzue zein dibertigarria!
Doña Kasilda parkea hiriko birika berdea da, nagusia. 115.000 bat metroko koadroko hedadura du, eta gune berdez eta zuhaitzez inguratutako etorbidez osatuta dago. Bide zidorren eta kaleen bidez Abandoibarrako eremua (hor dago Guggenheim Museoa) eta Zabalgunea lortzen ditu. Parkearen barruan dago Bilboko Arte Eder Museoa.
Bizkaiko Zubia

Amerikaren aurkitzailearen omenez eraiki zuten, Bartzelonako 1888ko Erakusketa Unibertsalerako obrekin batera. Kristobal Kolon itsasoari begira ageri da, hatz erakusleaz itsasoa seinalatuz; 60 m-ko zutabe bat du oinarri gisa, eta oinarriko igogailuak estatuaren oinetan kokatutako esferaerdira igoko zaitu. Hiri osoa ikusten da goitik!
Artxandako begiralekua

Bilbon, ezinbestean bisitatu beharreko tokia da Artxandako begiralekua; hiribildua inguratzen duten mendietako baten gailurrean dago, eta, hala, Bilbo osoaren ikusmira zoragarria eskaintzen digu. Bilbo ez ezik, Txorierriko bailara eta aireportua ere ikusten dira bertatik, baita, egun oskarbietan, itsasoa ere!
Begiralekua ez ezik, eremu berdeak, jolastokia, patinatzeko pistak, zelaiak, otordua egiteko tokiak, tabernak eta abar daude Artxandan.
Begiralekuan bi eskultura daude: Engranajea, Artxandako lehen funikularraren jatorrizko pieza, eta Huella Dactilar, José Novellak Espainiako Gerra Zibileko biktimen omenez sortua.
Artxandako funikularrean igotzea gomendatzen dizuegu; 1915az geroztik lotzen ditu funikular horrek Bilbo eta mendi gailurra, eta, 3 minutu eskaseko igoera den arren, txango zirraragarria da!
Kokalekua: Artxanda mendia