Madril

Bitxikeriak

Putzontziak

Madrildarrek harroak eta buruiritziak izateko ospea dute, eta hortik datorkie “putzontzi” edo “harroxko” goitizena (gaztelaniaz, "Chulapos"). Eurek ere halaxe esaten diote euren buruari. Hitz egiteko modu berezi samarra dute, gainera. Seguru ezagunak zaizkizula gaztelaniazko honako hitz hauek:

Aurpegia > Cara=Jeta
Sudurra > Nariz=Napia
Hortzak > Dientes=Piños
Ni > Yo=Menda
Zaharra > Viejo=Pureta
Tentela > Tonto=Gilipollas
Ohea > Cama=Piltra
Polita > Bonito=Debuten

Kar, kar, kar! Dibertigarria da, ezta?
Bene-benetako Madril ezagutzeko, San Isidro jaietara joatea duzu onena.

Futbola

Madrildarrak txora-txora eginda daude futbolarekin, eta Espainiako beste hiri batzuetan bezalaxe, Madrilen ere bi futbol talde daude, elkarrekin beti lehian dabiltzanak: Real Madril eta Atletico Madril. Hona hemen egun euritsu edo oso hotz batean egin daitezkeen bi plan bikain: bira bat Bernabeu futbol zelaian zehar edo ikustaldi gidatua Vicente Calderón zelaian.
Bernabeuko bira interaktiboa da. 'Historiako Talderik Onena' aretoa eta Alfredo Di Stéfanoren omenezko gunea dira berriki gehitutako txokoak. 100.000tik gora objektu, dokumentu, bideo, garaikur... daude han. Eta lehen taldearen zein talde bisitariaren aldagelak ezagutzeko aukera ere eskaintzen dute. Egiazko luxua, nola ‘madrilzaleentzat’, hala kirol hau gogoko duten pertsona guztientzat.
Atletico Madrilen museoak, berriz, 10.000tik gora pieza historiko biltzen ditu. Pieza horiei esker, taldearen ehun urteko historia ezagut liteke, bai eta Espainiako zein munduko futbolak izan duen bilakaera ere. Garaikurrek, elastikoek, argazkiek, boten bildumek eta era guztietako ‘erlikiek’ osatzen dute Vicente Calderón zelaian egin daitekeen ikustaldi gidatua.

El Rastro azoka

El Rastro du izena Madrilgo erdigune historikoan, La Latina auzo ezagunean, igande zein jaiegunetan aire zabalean egiten den azokak. 400 urtetik gorako historia duen merkatutxoa da. Denetarik aurki liteke han: eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun objektuak, tramankulu bitxiak... Eta hori guztia egiazki giro atseginean. Azokaren beheko zatia da onena (Puerta de Toledo atetik hurbil), kromoak trukatzen baitituzte eta komiki zein jostailu zaharren salmahaiak jartzen baitituzte. Gainera, barkillo-saltzaileak daude han, banilla eta kanela zaporeko barkilloak saltzen dituztenak. Benetan gozoak! Iganderen batean Madrilen bazabiltza, zoaz ikustera. Merezi du!

Lekua: Ribera de Curtidores kalea, z/g, 28005 Madril.

Erromeria

Herri festa bat da erromeria, santu zaindariren batekin eta gauarekin lotura daukana. Madrilen, erromeri tradizionalak egin izan dira, antzinatik, auzo gehienetan. San Blasen erromeria dugu urteko lehenetako bat: otsailaren 3an izaten da, eta behinola erromeria egiten zuten San Blas baselizan. Piano biraderadun baten erritmoan txotisa dantzatzeko ohitura zuten. Limoi zukua edan, eta azukre koskorrak, ura eta pattarra dastatzen zituzten. Egun, zortzi dira erromeriarik tradizionalenak: ekainaren 13an, San Antonioren erromeria, San Antonio de la Florida baselizan egiten da; ekainaren 24an, San Joan Bataiatzailearen erromeria, Pradon; ekainaren 27an, San Pedro Apostoluaren eta San Joanen erromeria, Pradon; uztailaren 16an, Karmengo Ama Birjinaren erromeria, Chamberín; uztailaren 25ean, Santiagoren erromeria, Oriente plazan; abuztuaren 7an, Gaitanen erromeria, Lavapiésen; abuztuaren 10ean, Laurendiren erromeria, auzo berean; eta abuztuaren 15ean, Usoaren erromeria. Egun horietan Madrildik bazabiltza ez galdu erromeria. Zoaz eta gozatu limoi zukuaz eta gozokiez!

Madril City Tour

Nahiz eta badakigun oso turistikoa dela, iruditzen zaigu honako hau aukera ona dela Madrilera lehenengoz zatozenerako. Txartela erosi, eta ibilbidearen edozein tokitan igo ahal izango zara autobus honetara. Madrilen zehar eramango zaitu, eta gunerik garrantzitsuenak ikusi ahal izango dituzu. Helduentzako audioak edukitzeaz gainera, bada haurrentzako bertsio bat ere. Eta eskaintzen dituen bi ibilbide turistikotan Madrili buruzko zehaztasun dibertigarriak azaltzen dituzte. Badu abantaila bat: autobus honetan bazoaz, ez zara batere nekatuko! Ez galdu!

Kokalekua: Felipe IV kalea, z/g

Teleferikoa

Ba al zenekien Madrilen teleferiko bat dagoela? Eski estazioetakoek bezalaxe, jendea airetik garraiatzen du. Madril garaieratik ezagutzeko aukera bakarra duzu! Ausartzen?

Kokalekua: Pintor Rosales pasealekua, z/g

COOKIE-EN ERABILERA

Txikibidaiak.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago: Cookien politika

ACEPTAR
Aviso de cookies