Madril

Gastronomia

Ahal baldin baduzu, saiatu Madrilgo jaki tipikoak dastatzen; izan ere, etxean ez duzu horretarako aukerarik izango! Ogi torradak edo erroskilla gozo-gozoak saltzen dituzten gozotegi ugari daude Madrilen. Alabaina, Madrilgo gauzarik tipikoenak pintxoak eta janari peto-petoak dira. Esaterako, tripakiak edo eltzeko madrildarra, garai bateko zaporeari eutsi dioten arren, sasoi berrietara egokitu direnak. Probatu nahi al dituzu?

Pintxoak

Janari zati txikiak dira pintxoak. Garai batean, ardo edalontziak estaltzeko erabiltzen zituzten tabernetan, eulirik sar ez zedin. Eta hortik datorkio gaztelaniazko izena: “tapar > tapas”. Ezin zara inola ere Madrildik joan pintxoak dastatu gabe, eta txibia ogitarteko bat, patata tortilla pintxo bat edo patata min batzuk jan gabe. Kontuz, benetan minak daude eta!

Ogi torradak

Garizumako eta Aste Santuko gozo tipikoak dira ogi torradak. Alabaina, Madrilgo gozotegi ugaritan urte osoan zehar aurkituko dituzu salgai.

Mota zein prezio guztietakoak daude: esnezko klasikoak, ardozkoak, txokolatezkoak, kremazkoak… bai eta kanelarekin, limoi birrinarekin, ziroparekin edo anisarekin lurrinduak ere. Gozotegi bakoitzak bere ukitu pertsonala ematen dio errezetari edo errezeta berri abangoardistak asmatzen ditu gozozaleen ahoak eztitzeko asmoz, sasoi horietan ogi torrada irrikatuen bila joaten baitira itsu-itsuan.

Dastatu nahi izanez gero, EL RIOJANO gozotegia gomendatzen dizugu. Gauza bakarra du txarra: Aste Santuan baino ez dituztela prestatzen. Errezeta klasikoari jarraiki prestatzen dituzte: ogi berezia esnetan beratzen utzi, arrautzetan pasatu eta gorritu arte frijitu. Esne frijituen ehundura daukate: ogia ondo beratuta eta azal biguna; eta gainera, kanela eta limoi azal naturalaren lurrina. 3,50 € balio dute.

Informazio gehiagorako: www.confiteriaelriojano.com
Kokalekua: Calle Mayor kalea, 10

Eltzeko madrildarra

‘Eltzeko madrildarra’ dugu Madrilgo gastronomiako jakirik peto-petoenetako bat. Osagai nagusitzat txitxirioak dituen gisatu bat da. Baina bigarren mailako osagarriak ere oso garrantzitsuak dira: hainbat barazki, haragiak, txerri urdaia eta hestebeteren bat. Hiru alditan zerbitzatzen da: batetik, zopa; ondoren, txitxirioak barazkiekin; eta, azkenik, haragi guztiak. Eltzeko honetatik dezente janez gero, egun osorako izango duzu sabela beteta!

Txintxortak

Txerri hirugiharraren zati frijitu eta kurruskatsuak dira. Madrilgo taberna jatorrizkoenetan aurkituko dituzu. Zorroetan inoiz janda izango dituzun txerri azalak bezalakoak dira, baina benetakoak! Mendeak dira hirian txintxortak jaten dituztela (Calderónek edo Lope de Vegak hitz egiten zuten txintxortez euren eleberrietan). Ez dira oso jaki orekatuak, baina… zeinen onak dauden!

Gallinejak, barrenaldeak eta arandoiak

Benetan ausarta izan behar da barruki horiek jateko!

Gallineja esaten zaie arkumearen edo beste animalia batzuen barrenei edo hesteei. Zartaginean su bizian erregosi behar dira, oliorik gabe, euren gantzetan. Gallinejen prestakuntzaren baitan bestelako jatorrizko produktu batzuk ateratzen dira: barrenaldeak, gantxigorrak, zerrendak, botoiak edo tutuak. Horiek arandoi zuriekin, zarajoekin, zurrustekin edo patata frijituekin zerbitzatzen dira, tradizioaren arabera ontzi berean. Eta horixe da, hain zuzen, gastronomia madrildarreko janari berezi, peto-peto eta enblematikoena. Ausartuko al zinateke dastatzen?

Lucio arrautzak

Ez dago Casa Lucio jatetxekoak baino arrautza olioizartu hoberik. Arrautza frijituak dira, patata frijituen gainean hautsiak. 1974. urtean ireki zuten Casa Lucio. Mesón El Segoviano ostatua zegoen toki berean dago kokatuta, eta ostatu hartantxe hasi zen lanean Lucio Blázquez 12 urterekin. Jatetxearen jabea da gaur egun. Seguru ez duzula inoiz jan hain arrautza olioizartu gozorik!

Bi metroko pizzak?

Pizza ez da ohiko jakia Madrilen, baina pizza hauek oso deigarriak iruditu zaizkigu; horregatik, zeuk ere ezagutzea nahi genuke.

2 metroko luzera duten pizzak dira. Kilómetros de Pizza saltokian egiten dituzte, Jesús Marquinaren errezeta baliatuz. Lau bider izan da munduko pizza txapelduna! Sukaldea bera ikuskizun galanta da. Bertan ikusi ahal izango duzu nola egiten dituzten pizza erraldoi horiek. Goian, saltokia ireki zutenetik prestatu dituzten pizza kilometroak adierazten dituen kontagailu argitsu bat dago, eta bat gehiago egiten duten bakoitzeko, gauza harrigarriren bat gertatzen da. Bada beste zehaztasun berezi bat ere: horman jarrita daukaten taula neurtzailea. Horri esker, joaten zaren aldi batetik bestera zenbat hazi zaren egiaztatu ahal izango duzu. Jateko tokia terrazan erreserbatzen baduzue, parkean haur parke bat eta lorategiak izango dituzue.

Kauserak

Gari irinez, gurinez eta arrautzez egindako ore bolak dira haize kauserak. Bero-bero dagoen oliotan frijitzen dira. Barruan, berriz, esnegaina, krema edo txokolatea sartzen zaie, eta azukrearekin zein kanelarekin apaintzen dira. Madrilen, txurroak baino ezagunagoak dira! Gozotegi ugaritan aurkituko dituzu. Izugarri gustatuko zaizkizu, seguru!

COOKIE-EN ERABILERA

Txikibidaiak.com-en geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika. onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago: Cookien politika

ACEPTAR
Aviso de cookies